Hauteskundeak egin zituzten pasa den irailaren 9an, baina bi hilabete pasa geroago gobernurik gabe jarraitzen dute. Riksdag-ak baztertzen duen bigarren hautagaitza da. Iraila bukaeran zentsura mozioa galdu zuen Stefan Lofven jarduneko lehen ministro sozialdemokratak, eta Parlamentuak atzera bota du Kristersson kontserbadorearen hautagaitza.
Bi bloketan zatituta dago Suediako politikagintza. Espero bezala, Kristerssonen aurka bozkatu dute gaur ezkerreko aliantzako alderdiek. Gertatzen dena da zentro-eskuineko aliantzako bi alderdik ere, zentristek eta liberalek, kontra bozkatu dutela. Atzo eman zuten haien erabakiaren berri. Izan ere, ez dituzte onartu nahi SD Suediako Demokratak eskuin muturreko alderdiaren botoak, aliantzak gehiengoa eduki dezan.
Hauteskundeetan Suediako Alderdi Sozialdemokrata nagusitu zen, 100 diputatu lortuz. Bigarren indar bozkatuena Alderdi Moderatua izan zen (70 diputatu), eta hirugarrena SD xenofoboa (62).
Zentristen jarrerak irmoa dirudi. Dena den, Kristerssonek beste hiru aukera izango ditu lehen ministro aukeratua izateko. Dena den, gerta liteke zentristen Annie Loof proposatzea lehen ministro izateko. Halakorik gertatzen ez baldin bada, Parlamentua desegin eta ezohiko hauteskundeetara deituko dute.