Bart gauerdian bukatzekoak ziren Angela Merkel kantzilerraren CDU Alderdi Kristau-Demokrataren eta Martin Schulz Europako Parlamentuko presidente ohiaren SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren arteko negoziazioak. Epea gainditu egin dute, ordea, eta elkarrizketaren azken txanpan 24 ordu jarraian egin dituzte eserita SPDren Berlingo egoitzan. "Nekatuta, baina pozik. Badago akordio bat! Azkenean. Orain, azken xehetasunak ixtea falta da", jakinarazi du sare sozialetan SPDk, Schulzen eta sozialdemokraten negoziatzaileen argazki bat atxikita mezuari. Alemaniako hedabideek jakinarazitakoaren arabera, hitzartu dute SPDri hiru ministerio garrantzitsu ematea, eta Schulzek zuzenduko luke horietako bat —Atzerrikoa—.
Dena den, SPDko 464.000 militantek dute azken hitza. Sozialdemokratek erreferendum batean galdetuko diete ea akordioa onartzen duten ala ez. Hemendik aste batzuetara dute egitekoa. Alderdi barrenean Koalizio Handia berriz osatzeak eztabaida handia sortu du, eta eragin handiko sektoreak paratu dira aurka —gazteen erakundea, errate baterako—.
CDUko buruzagiek arratsaldean egitekoa dute akordioa berresteko bilera, baina ez da ezustekorik espero.
Asteburutik jakinarazitakoaren arabera, osasun eta lan arloetan izan dituzte azken desadostasunak. SPDk nahi zuen osasun arloko aseguru publikoa eta pribatua dutenen egoera parekatzea, eta, lan arloan, berriz, aldi baterako lan kontratuen berrikusketa egitea.
Akordioaren bertze puntu nagusi bat migrazio politika izan da. Joan den astean itxi zuten hori, eta, bertzeak bertze, etorkinen familiak bateratzeko neurriak zorroztea erabaki zuten, etorkin gutxiago jasotzeko. CDUren aliatuak, Bavariako CSU Batasun Sozial Kristauak izan du jarrera gogorrena arlo horretan, eta alderdi horretako buruzagi Karl Seehofer izanen da Barne ministroa, Alemaniako hedabideen arabera.