Denbora hartuko du Matteo Renzik Italiako alderdi politikoekin hitz egin eta gobernu berri bat osatzen saiatzeko. PD Alderdi Demokratako burua Giorgio Napolitano presidenteak hartu zuen atzo, eta gobernua osatzen ahalegintzeko mandatua eman zion. Enrico Letta lehen ministroaren dimisioa behartu ostean, bilera txanda bat hasiko du Renzik parlamentuan ordezkaritza daukaten alderdiekin.
Alderdi Demokratako buruak gidatuko lukeen gobernua zeinek babestu, hor dago koska. Aukera Zibikoa eta Zentro-Eskuin Berria ageri dira hautagai sendoenak, Silvio Berlusconiren Forza Italia zailago, eta ezezkoa ziurra da M5S Bost Izarren Mugimendua eta Lega Nord indarren aldetik.
Gobernua osatzekotan, ministroen izendapenak ere negoziatu beharko ditu Renzik gainerako alderdietako buruzagiekin.