Demokrazia Berriko buru Andonis Samarasek Grezian gobernua osatzeko negoziazioak hasi ditu gaur. Sirizako ordezkariarekin bildu da goizean, eta gero Pasokekoarekin bilduko da. Litekeena da Demokrazia Berriak eta Pasok alderdi sozialistak gobernua osatzea, gehiengo osoa izango baitute.
Demokrazia Berriak 129 aulki eskuratu ditu legebiltzarrean, eta, guztira 300 direnez, Pasokek eskuratutako 33ak nahiko lituzke gehiengo osoa izateko. Lehenagotik ere osatu zuten batasun nazionaleko gobernua, eta, Europako Batasunarekin eta Nazioarteko Diru Funtsarekin murrizketak adostu zituztenez, orain bien arteko gobernuak krisia bideratzea espero da.
Evangelos Venizelos Pasokeko buruak, hala ere, gobernu berrian Siriza ezkerreko alderdiak parte hartzea ere eskatu du, baina Alexis Tsipras buruak uko egin dio murrizketekin aurrera jarraituko duen gobernu batean parte hartzeari. Sirizak adierazi du "oposizio eraginkorra" egingo dutela.
Atzoko hauteskundeetako emaitzak begi onez hartu dituzte nazioarteko gobernuburu gehienek, Grezian egoera egonkortzeko balioko dutelakoan. Euroguneko Finantza ministroek atzo ohar batean esan zuten espero dutela gobernua lehenbailehen osatzea eta adostutako murrizketak ezartzen hastea.
Gainera, aurreratu zuten gobernua osatzen denean troika (Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsa) Atenasera itzuliko dela. AEBek ere azkartasuna eskatu dute Greziak krisiaren aurkako bidean jarrai dezan.
Maiatzaren 6ko hauteskundeen ondoren Greziako alderdiak ez ziren gai izan gobernua osatzeko; harrezkero, hutsik izan da botere legegilea, eta herrialdearen inguruko zalantzak areagotu egin dira. Behin gobernua osatuta, ordea, ez dituzte amaituko lanak, orduan murrizketei heldu beharko baitiete. Lehenago ere oposizio handia izan zuten murrizketek kalean, eta, oraingoz, horren inguruan ez da aldaketarik espero.