Gobernua osatzeko negoziazioetan hasi dira Alemanian

Politika fiskala, defizita eta lan erreforma dira gai labainkorrenak, Merkelen eta liberalen arteko elkarrizketetan

Erredakzioa
2009ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Angela Merkel kantzilerraren Batasun Kristau-demokratak eta Guido Westerwelleren Alderdi Liberalak atzo hasi zituzten koalizioa osatzeko negoziazioak. Horiek, baina, ez dira zailtasun gabeak izango. Besteak beste, politika fiskala, defizita eta lan erreforma izango dituzte gai labainkorrenak.

Merkelek berak hitzeman zuen kanpainan «ahalik eta azkarren» jaitsiko zituztela zergak. Hain zuzen ere, horixe izan da liberalen kanpainako oinarri nagusia. 35.000 milioi euroko murrizketa egitera konprometitu zen Westerwelle. Baina, ziurrenik, gobernu berriko Ogasun ministro izango denak, Roland Koch demokristauak, ohartarazi du ezin izango dela 15.000 milioi euro baino gehiagoko murrizketarik egin.

Antzeko arazoak topatuko dituzte bi alderdiek lan erreformari dagokionez ere. Izan ere, hogei langile baino gutxiagoko enpresetan kaleratzeak erraztea eskatzen dute liberalek, baina Merkel ez dator bat proposamenarekin. Hark, hala ere, iragarri du azaroaren 9rako osatuko dutela gobernu berria -Berlingo Harresia bota zutela hogei urte beteko dira egun horretan-.

Ezkerreko koalizioa

Bitartean, SPD Alderdi Sozialdemokrata ezkerrarekin bat egitea aztertzen ari da. Frank-Walter Steinmeierren alderdia izan da boz hauetako galtzaile handia; milioi bat hautesle baino gehiago galdu ditu, Die Linke edo Ezkerraren mesedetan. Ondorioz, Franz Muentefering presidenteak et Hubertus Heil idazkari nagusiak iragarri dute dimisioa emango dutela azaroan, alderdiko kongresua egiten dutenean. Steinmeier, aldiz, SPDren Parlamentuko burua izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.