Gobernua osatzeko oztopo nagusia gainditzea lortu dute Belgikan

Iazko hauteskundeak irabazi zituen alderdia negoziazioetatik kanpo utzi dute, akordioaren aurka agertu delako

2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Belgikan akordioa lortu dute herrialdeko bi komunitate nagusiek, frandriarrek eta frantses hiztunek. Zortzi alderdik hartu dute parte negoziazioetan —komunitate bakoitzeko lau alderdi—, eta BHV Bruselas-Hal-Vilvorde barrutia banatzea erabaki dute. Behin akordio hori lortuta, gobernua osatzeko negoziaketei ekingo diete berriro ere. Izan ere, BHV barrutiaren inguruko gorabeherek eragin zuten gobernua desegitea. Dena den, iazko hauteskundeak irabazi zituen alderdia negoziazioetatik kanpo utzi dute, akordioaren aurka egin duela eta.

Flandrian dago BHV barrutia, Belgika iparraldean, baina frantses hiztun asko bizi dira bertan —150.000 inguru—. Horrek arazo administratiboak sortu izan ditu, hizkuntzaren aldetik batez ere. Izan ere, nederlandera da Flandriako hizkuntza ofiziala, baina frantsesdunek «erraztasun administratiboak» dituzte hainbat hiritan, hiri horietako biztanleen gehiengoa direlako. Hala, pribilegioak dituzte hauteskundeetan, eta justizian ere bai. Esaterako, orain arte barruti horretako frantses hiztunek eskubidea zuten Bruselako hauteskundeetan parteko hartzeko.

Flandriako alderdiek 40 urte baino gehiago daramatzate barrutia zatitzeko eskatzen, frantses hiztunen pribilegioei amaiera emateko; Auzitegi Konstituzionalak, berriz, duela urte batzuk eman zuen zatiketa egiteko agindua. Bi komunitateak, ordea, ez dira inoiz ados jarri barrutia banatzerako garaian. Desadostasun horien ondorioz, agintean zegoen koalizioa hautsi egin zen iazko apirilean, eta maiatzeko hauteskundeen ondoren ere ez zuten gobernua osatzerik lortu. Hortaz, urtebete baino gehiago darama Belgikak gobernua osatu ezinik, negoziazioek porrot egin baitute behin eta berriro. BHV barrutiarena zen punturik gatazkatsuena, eta behin horri buruzko akordioa lortuta, negoziaketek aurrera jarraituko dutela iragarri dute. Dena den, administrazio bakoitzari eman beharreko diru kopuruari, eta bakoitzak izango dituen eskumenen inguruan ados jarri beharko dira datozen egunetako negoziazioetan.

Negoziazioetatik kanpo

Gainera, N-VA Flandriako alderdi independentista, iazko hauteskundeak irabazi zituena, gobernua osatzeko negoziazioetatik kanpo utzi dute. Hauteskundeak irabazi arren, ez zuten gehiengoa lortu independentistek, eta ez zuten gobernua osatzeko babesa jaso. N-VA ez dago batere ados beste zortzi alderdiek adostutakoarekin, «frantses hiztunek oraindik ere pribilegioak edukitzen jarraituko dutelako». Vlaams Belang eskuin muturreko alderdia, eta FDF frantses hiztunen alderdia ere akordioaren aurka agertu dira. Hortaz, oraindik luze jo dezake gobernua osatzeko akordioak.

Ados jartzeko, bi aldeek eman behar izan dute amore. Frantses hiztunek onartu egin behar izan dute BHV barrutia zatitzea, baina hainbat pribilegio izaten jarraituko dute. Gainera, Bruselak finantziazioa jasoko du; frantses hiztuna da hiriburua, eta finantziazio arazo larriak ditu.

Hemendik aurrera, Bruselatik oso gertu dauden sei hiritako frantses hiztunek baino ez dute izango hiriburuko hauteskundeetan botoa emateko eskubidea; aukeratu egingo dute haien hiriko zerrendei botoa eman, ala Bruselan eman. Sei hiri horietan, gainera, mantendu egingo dituzte hizkuntza abantailak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.