Felipe VI.ak gaur amaitu du alderdiekin egin duen bilera saila, inbestidurarako hautagairik proposatuko duen edo ez erabakitzeko. Asteartean hasi zuen erronda, eta gaur amaitu du, Mariano Rajoy PPko ordezkariarekin bilduta.
Rajoyk azaldu du Felipe VI.ak eskatu diola Espainiako Gobernua osatzen saiatu dadin, eta hark onartu egin duela eskaria. Hala ere, esan dio oraingoz ez duela nahikoa babes, eta horiek bilatuko dituela inbestidurara joan aurretik. Ez du argitu, ordea, inbestidurara joango den babes horiek lortu ezean. Ez dio datarik jarri inbestidura saioari, baina hori "zentzuzko epean" izateko nahia adierazi du. Rajoyk zehaztu du "indartu" egingo dituela ahaleginak, eta PSOE nahiz Ciudadanosi zuzenduko zaie.
Albert Rivera Ciudadanoseko ordezkaria izan da gaur Espainiako erregearekin biltzen lehena. Gobernua osatzeko "bi aukera" daudela esan du Riverak. Bata, PPk Rajoy ez den presidentegai bat aurkeztea eta "indar konstituzionalisten" —PP, PSOE eta Ciudadanos— babesarekin gobernua osatzea; bestea, Rajoyk gutxiengoan gobernatzea, inbestiduran PSOE eta Ciudadanos abstenituta. Ezinbestekotzat jo du PSOEk eta PPk elkarrekin hitz egitea.
Aurreikuspen bera egin du Pablo Iglesias Podemoseko ordezkariak. Iglesiasek, hala ere, "ezkerreko koalizio gobernua" osatzea lehenetsi du; PSOE, Podemos eta "nazionalista katalanekin". ERC eta CDC alderdiei gogorarazi die haien babesa ezinbestekoa dela gobernu "alternatibo eta progresista" osatzeko.
Proposamenak proposamen, ezezkoari eusten dio PSOEk; Pedro Sanchez alderdiaren ordezkariak berretsi du ez dutela ahalbidetuko Rajoy presidente izatea. Ezezko botoa emango dutela esan du Sanchezek, baina ez du bozketan abstenitzea baztertu. Twitter bidez zabaldu dituen mezuetan, gobernua egon egongo dela esan du, eta emaitza baino "garrantzitsuagoa" inbestidura egitea dela. Azpimarratu du oposizioan egotea dagokiola PSOEri, eta ez dutela "aldatu" nahi dutena babestuko; abstentziorako zirrikitu bat irekita utzi du.
EAJk atzo izan zuen hitzordua, eta EH Bildu ez da erregearekin batzartu. Felipe VI.arekin bildu ostean egin dituen adierazpenetan, Aitor Esteban EAJko Kongresuko bozeramaileak esan zuen Mariano Rajoy PPko presidentegaiaren aurka bozkatuko duela EAJk, "zurrumurruak zurrumurru". PPk lau senatari utziko dizkio EAJri, senatuan talde propioa izan dezan. Estebanek berretsi zuen alderdien arteko akordioak ez duela "ordainik" izango Kongresuan, eta "ezezko botoa" emango diola Rajoyri, haren balizko inbestidura saioan. Ez du baztertu hauteskundeak hirugarrenez egiteko aukera.