Ukraina

Gobernuak itzalitzat eman ditu Txernobylgo suteak

Ukrainako Gobernuak lasaitasunerako deia egin du, eta nabarmendu du hiriburuko erradioaktibitate maila «normala» dela.

Erradioaktibitate maila neurtzen, suteak dauden inguruan. YAROSLAV YEMELIANENKO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko apirilaren 14a
11:02
Entzun

Apirilaren hasieran piztu ziren suteak Txernobylgo segurtasun eremuan -30 kilometroko erradioan-, belarrak erretzeko piztutako sua zabaldu ostean, eta ondorengo egunetako haize zakarrak ahalbidetuta. Yaroslav Yemelianenkok, Ukrainako larrialdi zerbitzuetako kideak, ohartarazi zuen atzo zentral nuklearretik bi kilometro ingurura zegoela sua. «Pripyat hirira heldu dira garrak [zentraleko istripuaren ostean hustutako hirietako bat], eta oso gertu daude zentrala bera eta Pidlisny, hondakin nuklearrak pilatzeko eremua. Egoera larria da. Ingurua sutan dago».

Ukrainako Gobernuak itzalitzat eman zituen atzo suteak. Iturri ofizialen arabera, 400 suhiltzaile inguru aritu dira azken astean sua kontrolpean hartzeko lanetan. Halere, adituek ohartarazi dute errauts erradioaktiboa dela orain arriskutsuena; izan ere, baliteke haizeak hiribururantz eramatea.

Ukrainako larrialdi zerbitzuek aitortu dute egoera «zaila» izan dela, baina nabarmendu dute hiriburuko erradioaktibitate maila «normala» dela, eta lasaitasuna eskatu diete herritarrei: «Zentrala eta erregaia pilatzeko eremuak ez daude arriskuan. Hori da oraingoz esan dezakeguna».

Yemelianenkok, baina, suteen larritasuna ezkutatu nahi izatea egotzi dio gobernuari. Harekin bat etorri da Errusiako Greenpeaceko kide Rashid Alimov ere. Hark salatu du Kievek esan baino larriagoa izan dela egoera. «Sute bat zentral nuklear baten inguruan edo hondakin nuklearrak dauden eremuan pizten denean, arriskua beti da altua». .

Bi atxilotu

Ukrainan 5.000 euroko isuna dago ezarria belarrak erretzeko suak pizteagatik, baina hori ez da nahikoa herritarrak geldiarazteko. Poliziak 27 urteko gizonezko bat atxilotu du, oraingo sutea eragitea egotzita. Greenpeacek salatu duenez, ordea, urtero gertatu ohi dira antzeko hondamendiak.

1986an gertatu zen Txernobylgo zentral nuklearreko istripua, eta hark isuritako erradioaktibitate lainoa Europa osoan zabaldu zen. Ezbeharraren ondorioz, zentralaren inguruko herriak hustu egin behar izan zituzten, eta 30 kilometroko segurtasun eremua ezarri zuten. Hala ere, gaur egun turista asko joaten dira istripuaren ingurura bisitan. 2018an, esaterako, 70.000 bisitari izan zituen eremuak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.