Gobernuak mehatxu egin du indarra erabiliko duela Libiako batasuna ziurtatzeko

Abdel Jalil presidenteak esan du Gaddafiren aldekoak daudela Zirenaika autonomoaren aldarrikapenaren atzean

Ane Urrutikoetxea.
2012ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Libiako zatiketa saihesteko indarra erabiltzeko mehatxua egin du NTC Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko presidente Mustafa Abdel Jalilek. Zirenaika eskualde federal unionista aldarrikatu dute Libiako 3.000tik gora leinuetako buruzagik, baina NTCko presidenteak ez du onartu aldarrikapena, eta Libiaren batasuna armen bidez defendatzeko prest dagoela adierazi du Misratah hirian, paradoxikoki baketze nazionalaren aldeko bileran: «NTC prest dago elkarrizketak bideratzeko, baina Libia zatiezina izan da eta izango da, horretarako indarra erabili behar badugu ere».

Zirenaikaren autonomia aldarrikapenaren atzean Muammar Gaddafi Libiako presidente ohiaren jarraitzaileak eta hainbat herrialde arabiar daudela salatu du Jalilek: «Autonomia aldarrikapenaren atzean Gaddafiren aldekoak daude, eta horiei aurre egiteko prest gaude. Zoritxarrez, zenbait herrialde arabiarrek Libiako zatiketa diruz lagundu dute, eta, horregatik, herritarrok erne ibili behar dugu». Herenegun Bengazin bildutako leinuetako buruzagiek, autonomia aldarrikatu zuten arren, NTCren alde daudela adierazi zuten, beren helburua herrialde batua eta federala sortzea dela. Buruzagiek 1951ko Konstituzioko eremua berreskuratu nahi dute, erromatarren garaiko probintziaren mugekin. Tripolitania eta Fezzan eskualdeen autonomia ere eskatu dute.

Egonkortasuna kolokan

Lau hilabete igaro dira Gaddafi hil eta NTCk behin-behineko gobernua eratu zuenetik, baina Libiako arazoak ez dira leundu. Botere guztia Tripolin bildu du gobernuak, eskualdeetako hiri nagusietako administrazioa alde batera utzita. Zirenaika eskualdea kaltetuenetakoa da. Libia Afrikako hirugarren petrolio ekoizlea da, eta Zirenaikan ustiatutako petrolioaren %70ekoizten den arren, Libiako eremu txiroenetakoa da. Gaddafiren gobernuak desegoki ustiatu zituen eskualdeko ondasunak, eta horrek herritarren haserrea piztu zuen. Bengazi da Zirenaikako hiri nagusia, eta han hasi zen Gaddafi boteretik kentzeko iazko matxinada. NTCk ildo beretik jarraitu du, Zirenaikako herritarrei bizkarra emanez,eta horrek ezinegona areagotu du.

Libiako herritarrak armaturik jarraitzen dute, Gaddafiren aurkako matxinada duela lau hilabete amaitu arren. Gobernuak, administrazioen presentzia eskualdeetako hiri nagusietara zabaldu ordez, segurtasun indarrak erabiltzen jarraitu du liskarrak isilarazteko, baina Libiako leinuen arteko borrokak ez dira amaitu.

Hauteskundeei begira

Libiako parlamenturako hauteskundeen atarian hasi dituzte autonomiaren aldeko aldarrikapenak. Ekainean erabakiko dute legebiltzarra, eta hark Libiako konstituzio berria idatziko du.

Dena den, Libiako hauteskunde batzordeak bozketa sistema berritu du, eta Zirenaikako eskualdeari biztanle kopuruaren arabera dagokion eserleku kopurua gutxitu dute.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.