Irango Gobernuak protestak debekatu zituen arren, oposizioko jarraitzaileak kalera atera ziren atzo Teheranen. Berri agentzien arabera, Poliziak negarra eragiteko gasa eta balarik gabeko kartutxoak erabili zituen jendetzaren aurka. Horrez gain, Hossein Musavi oposizioko buruzagi nagusia etxean atxiki du Poliziak, protestetan parte hartzerik izan ez zezan. Musavik oposizioko bertze lider nagusi Mehdi Karrubirekin batera deitu zuen atzoko protesta eguna, Egiptoko eta Tunisiako erreboltei sostengua agertzeko. Karrubi ere etxean atxikita du Gobernuak joan den asteazkenetik.
Goizean goiztik Estatuko indar armatuen presentzia nabarmena zen Teheranen. Poliziarekin batera, kalez jantzitako Basij milizia islamikoko kideek Enghelab eta Vali e Asr etorbideak hartu zituzten. 2009ko ekainean bi toki horietan milaka lagun elkartu ziren hauteskundeetako emaitzak salatzeko, haien iritziz Mahmud Ahmadinejad presidentearen aldeko iruzurra egon baitzen. Atzokoan, ordea, hiriaren hego-mendebaldeko Azadi plazan elkartu ziren oposizioko jarraitzaileak. 2009ko manifestazioez geroztik oposizioak egindako mobilizaziorik handiena izan da, berri agentzien arabera. Iturri berberek diotenez, jendetzak oihukatutako leloen artean errepikatuena izan da «heriotza diktadoreari». istilurik gogorrenak, berriz, Azerbaijan karrikan gertatu dira, hasierako elkarretaratze gunetik hurbil. Musaviren ingurukoen webgune www.kaleme.org-en arabera, «ehunka manifestari» atxilotu dituzte. Hiriburuaz aparte, Isfahanen eta Shirazen ere protestak egin dituzte.
Teheranen «hipokrisia»
Teheranek Egiptoko erreboltari sostengua agertu dio, eta salatu du Irango oposizioak «politikoki» erabili duela altxamendu hori. Musaviren webguneak, ordea, «hipokrisia» egotzi dio Gobernuari, Egiptoko manifestariei sostengua agertu eta Teherango protestak debekatzeagatik. Oposizioko buru nagusiaren eta Karrubiren egoera ere salatu du. Poliziak inguratuta ditu bien etxeak, eta telefonorik gabe utzi dituzte. Halaber, www.kaleme.org-ek salatu du azken egunetan hogei lagun inguru atxilotu dituela Poliziak, protesta deialdien harira.
AI Amnesty Internationalek ere Irango Gobernuaren jarrera gaitzetsi du. Erakundearen arabera, «ekintzaileen lana blokeatzea» eta «disidentzia zanpatzea» dira Irango Gobernuaren helburuak. Ordena publikoa mantentzea protestak debekatzeko «aitzakia» ezin dela bihurtu dio AIk.
Persiako Golkoko bertze herrialde batean ere protesta gogorrak izan dira azken egunetan. Bahraingo Erresuman milaka lagun atera dira karrikara gobernu aldaketa eta Konstituzioaren erreforma eskatzeko. Manama hiriburuan, atzo, lagun bat hil eta gutxienez hogei zauritu ziren Poliziarekin izandako liskarretan. Bahraingo Gazteriaren Elkarteko presidente Muhamad al Maskatiren arabera, negarra eragiteko gasa eta gomazko balak jaurti zituzten poliziek.
Khalifa ibn Salman al Khalifa printzea da Bahraingo lehen ministroa, eta 1971tik dago boterean. Al Maskatiren arabera, Al Khalifak kargua uztea, herritarren bizi baldintzak hobetzea eta soldatak igotzea eskatu dute manifestariek.
Gobernuak protestak debekatu arren, oposizioa kalera atera da Iranen
Bahrainen lagun bat hil eta hogei zauritu dira, manifestazioetan Poliziarekin izandako liskarren ondorioz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu