Inkesta guztiek faboritotzat jotzen zuten Alderdi Unionista hauteskundeen galtzaile bilakatu da. Unionistek, boto gehien jaso duen indar politikoa izan arren, hautesleen %2,3ren sostengua galdu dute eta, honekin batera, diputatu bat Torshavneko legebiltzarrean. «Galtzaile sentitzen naiz. Orain aztertu beharko dugu hauteskunde kanpainan gertatutakoa, baina nire ustez, hauteskunde zundaketek eragina izan dute gure beherakadan. Gorakada handia izan behar genuela zioten eta honek eragina izan du jendearengan», adierazi du Lisbeth L. Petersen buruzagi unionistak, dimititu baino lehen. Dimisio honekin, gobernua osatzeko orduan bere alderdiaren posizio negoziatzailea sendotu nahi duela azaldu du Lisbeth Petersenek. Alfred Olsen presidenteordea aldi baterako ordezkoa izango da.Askoz poz handiagoarekin agertu da Hogni Hoydal agintari errepublikanoa hauteskundeetako emaitzei buruz hitz egiterakoan: «Inkestek ziotena kontuan izanik, gaurkoan errealitateak argiagoa dirudi. Legebiltzarreko indar nagusia gara eta egoera hau aprobetxatu nahi dugu».
Gazi-geza
Alderdi Errepublikanoa independentista boto kopuruan hirugarren geratu bada ere, bera izan da diputatu gehien eskuratu dituena, hauteskunde barrutien egitura dela eta. Boto gehiago baina Legebiltzarrean ordezkari bat gutxiago lortu dituzten Alderdi Unionistak eta Alderdi Sozialdemokratak, berriz, hauteskunde sistema aldatzearen beharra aldarrikatu dute. Alderdi Sozialdemokrataren baitan zapore gazi-geza utzi dute aurreratutako hauteskundeon emaitzek. Batetik, sozialdemokratek gora egin dute bozen kopuruan eta portzentaian; bestetik, ezin izan dute garaipena lortu unionistekin batera, nahi bezala.
Orain, gobernuan parte hartu nahi izanez gero, Faroe uharteen subiranotasuna defendatzen duen alderdiren batekin egin beharko dute bat, eta sozialdemokratek 1998an hasitako «burujabetzaren aldarrikapenaren abenturarekin» amaitzeko asmoa azaldu dute behin eta berriro.
Kallsberg presidente izateari uzteko prest
Anfinn Kallsberg lehendakariak, orain hogei bat urte, bere auditore lanean egindako trikimailu ekonomikoen berri jakiteak eragin zuen hauteskundeen aurreratzea, koaliziokideek berarengan konfiantza galdu baitzuten. Halere, badirudi hautesleek uste osoa mantentzen dutela berarengan, azken sei urteetako lehendakariak inoiz baino boto pertsonal gehiago jaso baititu.
Kallsberg bera kontent gelditu da hauteskundeetako emaitzekin. «Baliteke lehendakari berriro ez izatea, baina nire hauteskunde barrutian halako babes handia lortu izanak asko pozten nau», nabarmendu du Kallsbergek. Koalizio gobernuak ia amaituta zeukan Danimarkarengandik eskumenak bereganatzeko legea, elkarlana azaroan zapuztu zenean. Lege honen bitartez, Faroe uharteek beraiek erabaki dezakete zein eskumen bereganatu eta noiz. Bai Anfinn Kallsbergek eta baita Hogni Hoydalek ere adierazi dute, beren alderdiak gobernuan egonez gero, prozesu subiranistak lehentasuna izaten jarraituko duela.
-
GOBERNUA
Koalizio berria osatzeko aukerak aztertzen ari da Hoydalen alderdia
Hauteskundeetako emaitzek koalizio aukera ugari ahalbidetzen dituzte. Argi dagoen gauza bakarra da orain arteko koalizio gobernua ez dela errepikatuko, behintzat Anfinn Kallsbergen lehendakaritzapean. Emaitzak ezagutu eta gero, Hogni Hoydal errepublikanoak errepikatu du bere alderdia ez dela Kallsberg dagoen gobernu batean sartuko. Anfinn Kallsbergek, berriz, erantzun du errepublikanoek ezin dutela erabaki Herri Alderdiaren burua nork izan behar duen.
Lehendabiziko hausnarketetan Herri Alderdiak, Alderdi Unionistak eta Alderdi Sozialdemokratak osatutako koalizio handia zen faborito, baina errepublikanoak bezala, sozialdemokratek ere esan dute ez dutela konfiantzarik Kallsbergengan. Halere, alderdi guztiek esan dute ate guztiak irekita uzten dituztela.Gauzak horrela, bi alderdi txikien hiru diputatuak erabakigarriak izan daitezke gobernu berriaren kolorea zehazteko orduan. Zentroko Alderdiak, bi parlamentariekin, eta Alderdi Autonomistak, parlamentari bakarrarekin, ez dute tutik ere esan nahi izan beren asmoei buruz. Biek esan dute gobernua osatzeko aukera duten beste alderdi handiagoen proposamenak entzungo dituztela beren erabakia hartu baino lehen. Gehiengoa izateko beharrezkoak diren hamazazpi aulkiak lortzeko ezinbestekoak badira beren botoak, hauek beren prezioa izango dutela adierazi dute.Jogvan Morkore Faroeetako Unibertsitateko ikertzailearen esanetan, bi alderdi handik eta bi txikik osatuko dute gobernu berria. Berak ez baitu uste hiru alderdi handi ados jar daitezkeenik.