Protestak herrialde arabiarretan

Gobernuaren bide orririk ez dute onartu egiptoarrek

Azken bi asteotako jendetzarik handiena bildu da Kairoko Tahrir plazan, Hosni Mubaraken dimisioa eskatzekoKonstituzio Batzordea sortzeko agindu du presidenteak, «zuzenketak ikuskatzeko»

Jon Fernandez.
2011ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
«Ez diogu amaierarik emango erregimenari eta ez diogu inori estatu kolperik ematen utziko, ideia zentzugabea baita hori». Omar Suleiman Egiptoko presidenteordeak argi utzi du protestak protesta Hosni Mubarak presidenteak ez duela bere aulkia hutsik lagako. Aitzitik, estatuburuak trantsizioa gidatzeko bide orria aurkeztu du, eta Egiptoko Konstituzioren zuzenketak ikuskatzeko Konstituzio Batzordea sortzeko dekretua sinatu. Hala ere, egiptoarrek ez dute presidentearen eskaintza onartu. Ehunka mila lagun bildu ziren atzo ere Kairoko Tahrir plazan, hamabosgarren egunez, Mubaraken dimisioa eskatzeko.

«Boterearen eskualdatze baketsua eta antolatua egiteko bide orri argia jarri du martxan gobernuak, egutegi finko batekin», azaldu du Suleimanek. Haren ustez, «presidenteak bidea zabaldu dio kontsentsu nazionalari, eta egungo krisitik ateratzeko aukera egokia hautatu». Konstituzio Batzorde bat sortzeko agindu du Mubarakek, lege nagusiari egin beharreko zuzenketak «ikuskatzeko».

«Berak nahi duena baino ez du egin Mubarakek, ez guk nahi duguna. Boteretik kanpo nahi dugu. Gu lotara joatea nahi du», dio Hisham Abdel Jaled manifestariak. Kairoko Tahrir plazan jarraitzen du beste ehunka mila herritarrekin batera, presidentearen dimisioa eskatzen. Hamabosgarren protesta eguna zen atzokoa, baina egiptoarrek tinko eusten diote hasierako eskakizunari: «Ez gara etxera joango Mubarakek boterea utzi arte». Jendetza handia bildu da beste behin Kairon; azken bi asteotako jendetzarik handiena, Al Jazeera informazio katearen arabera.

Uafd oposizioko alderdi legalak ere ez ditu onartu Egiptoko Gobernuak trantsizioa bideratzeko hartu dituen neurriak. Joan den larunbatean jarritako baldintzak betetzen ez badira etorkizuneko negoziazioetan ez duela parte hartuko ohartarazi dio Uafdek Suleimani. Hauexek dira baldintzak: Mubarakek dimisioa ematea PND Alderdi Nazional Demokratikoko buru gisa, PNDk 2010eko azaroko bozetako iruzurrarekin duen lotura argitzea eta segurtasun indarrek urtarrilaren 25eko manifestazioan eginiko abusuak ikertzea.

Horrez gain, konstituzio berria idazteko sufragio unibertsal bidez aukeratutako biltzarra eratzeko eskatu du oposizioak. «Konstituzioak presidentearen boterea gutxitu beharko luke eta gobernuarena handitu. Gizarteak gobernua kontrolatzeko bitartekoak sortu behar dira, eta Alderdien Legea ere aldatu beharra dago, alderdiak irizpide erlijioso edota militarren arabera legez kanpo laga ez daitezen».

Alabaina, Mubaraken erregimenak zein Mendebaldeko politikariek islamaren mamua darabilte ahotan, eta iraultzaren ostean Egipto herrialde islamista bihurtzeko arriskua dagoela nabarmendu. Anaia Musulmanek, ordea, uxatu egin dituzte mamuak: «Estatu islamikoa kontzeptu okerra da. Xiitentzat balio lezake, baina guk ez diogu Irango ereduari jarraitu nahi. Guztientzat berdintasuna eta askatasuna bermatuko duen herrialdea nahi dugu, bakoitzaren fedea kontuan hartu barik».

Atxiloketak eta kaleratzeak

Urtarrilaren 25etik, Mubaraken kontrako protestak hasi zirenetik, milaka manifestari atxilotu dituzte. Hala ere, ekintzaile gazte gehienak kaleratzen hasi dira aste honetan. Asteartean, esaterako, Wael Ghoneim Googleko langilea eta protesten sustatzailea askatu zuten, bi astez desagertuta egon ostean. Atzo, protestak aprobetxatuz kartzelatik ihes egin ostean berriz ere euren burua aurkeztu duten muturreko talde islamikoetako 34 lagun askatzeko agindu zuen Mahmud Wahdy Barne ministro berriak. Orotara, 17.000 lagunek egin dute ihes protesten ondorioz zaintza barik geratu diren Egiptoko kartzeletatik.

Suleiman, Israelen aukera

Wikileaksek argitaratu duenez, Suleimanek 2008az geroztik Israelen babesa du Mubaraken oinordeko izateko. Israelekin bakea sinatu zuen lehen herrialde arabiarra izan zen Egipto 1979. urtean, eta harreman horri eutsi nahi dio Tel Avivek. Gainera, AEBek ere babestuko luke Suleimanek gidatutako trantsizio gobernua, AEBetako iturri ofizialen arabera.

Bestalde, Catherine Ashton EBko Atzerri Politikako ordezkariak iragarri du balitekeela datorren astean Tunisia eta Egipto bisitatzea. «Bi herrialdeetakotrantsizio demokratikorako prozesuari EBren babesa ematea da asmoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.