Ez dago argi zer gertatzen ari den; soilik, Estatu Islamikoak Kirkuki (Iraken menpeko Kurdistan) eraso diola. Irakeko komunikabideek zabaldu dutenez, polizia etxe bati eta argindar zentral bati eraso diote hiru ekintzaile suizidek, baina poliziek egoera kontrolpean hartzea lortu dute. Erasoaldian, ordea, gutxienez zortzi lagun hil dituzte. Aldiz, EIren gertuko iturriek zabaldu dutenez, gerrillarien esku daude udaletxea eta hiriko hoteletako bat.
Bitartean, aurrera jarraitzen du Mosul islamisten eskuetatik "askatzeko" erasoaldiak. Estatu Islamikoak duela bi urte hartu zuen hiriaren kontrola. Hainbat komunikabidek zabaldu dutenez, islamistak hasiak dira hiritik joaten; bidean, ordea, planta kimiko bati su eman zioten atzo.
Irakeko armadako jeneralek uste dute bi aste beharko dituztela Mosulera iristeko, eta hirian sartutakoan bi hilabete iraungo duela borrokak.
Desplazatuak, preso
Human Rigths Watch erakundeak salatu du Irakeko eta Kurdistango agintariek ez dietela kanpamenduetatik irteten uzten Nazrawa eta Laylan kanpamenduetako desplazatuei. "Bi kanpamendu hauetako biztanleei legez kanpo mugatu dizkiete mugimenduak. Babesle batekin soilik irten daitezke bertatik, eta, hala ere, segurtasun indarrek nortasun agiriak kentzen dizkiete irteten diren aldiro, eta egunean bertan itzuli behar dute".
Agintarien arabera, "segurtasun arrazoiak" direla medio mugatu dituzte sartu-irtenak bi kanpamentu horietan. Gobernuz kanpoko nazioarteko erakundeak, berriz, salatu du soilik "legeak ezartzen duen kasuetan" har daitezkeela halako neurriak. "Neurri horiek urratu egiten dituzte medikuarengana, lanera edo senideengana joateko desplazatuek dituzten eskubideak".