Erantzunaren erantzuna. Herenegun Poliziak Espainiako Kongresuaren kanpoaldean milaka laguni indarkeriarekin erantzun ondoren, berriz ere milaka lagun elkartu ziren atzo Madrilgo Neptuno plazan I-25 koordinakundeak deituta. Kongresua Inguratu ekinbidearen oinarriei eutsi diete deitzaileek, bertze behin gobernuaren murrizketa planak eta sistema politikoa bera kritikatuz, baina aldarrikapenei herenegun gertatutakoaren salaketa gehitu zaie. Izan ere, ugariak izan dira 35 atxilotuak askatzeko eskatzen zuten oihuak eta, oro har, Poliziaren indarkeria salatzekoak.
19:00etan elkartu ziren manifestariak, eta bi orduren ondotik kongresu inguruko Prado pasealekuan zirkulazioa moztea lortu zuten. Berri hau idazterakoan, manifestariek Neptuno plazan segitzen zuten, eta ez zegoen inolako istiluen berririk. Bi egunez jarraian milaka lagun elkartzea lortu ondotik, I-25 koordinakundeak etzi berriz ere protestekin jarraitzeko asmoa agertu du.
Larri zauritutakoa, hobera
Herenegungo protestetan lagun bat larri zauritu zen bizkarrezurrean, baina haren egoerak onera egin du, Cristina Cifuentes Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkariaren arabera. Gorputz adarretan sentikortasuna galdu zuen manifestari horrek, baina berreskuratu du, Cifuentesek jakinarazi duenez. Zauria erorita egin zuen edo Poliziak kolpeka eragin zion ez dela argitu erran du gobernuaren ordezkariak.
Hain zuzen, zeresan handia eman dute Cifuentesek berak eta Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak Poliziaren alde eta manifestarien aurka egin dituzten adierazpenek. Gobernuko ordezkariaren arabera, «manifestarien artean zegoen muturreko talde batek sistema aldatu eta anarkia ezarri nahi zuen». Fernandez Diazen arabera, berriz, Poliziak «ikaragarri ongi» jardun zuen. SUP Poliziaren sindikatu handieneko buru Jose Manuel Sanchez Forneten erreakzioa buruzagi politikoena baino are esplizituagoa izan da, poliziei identifikazio eske aritu ziren manifestariei zuzenduta Twiterren idatzitako mezuan: «Identifikazioenei: ez dituzte eramaten, eta erakunde bortitzen aitzinean ez eramatearen alde gaude. Egurra eta kito». Manifestarien artean poliziak infiltratuta zeudela ere aitortu du Sanchez Fornetek, gobernuak ukatu egiten duen arren.
Barne Ministerioak herenegun atxilotutako 35 lagunak Auzitegi Nazionalaren esku utzi nahi ditu, estatuaren aurkako delituak egotzita, horien helburua kongresuari erasotzea zela baitio.
Gobernuaren politikaren aurka milaka lagun bildu dira Madrilen, bigarren egunez
Poliziaren bezperako indarkeria salatu dute Espainiako Kongresua inguratzera deituta bildutakoek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu