Jasser Arafat PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearen estatu hileta Kairoko Al Galaa egoitza militarrean egin zuten atzo goizean. 60 herrialdeetako ordezkariak izan ziren han. Horien artean, kargua hartu berri duten Mahmud Abbas PAE Palestina Askatzeko Erakundeko burua, Raui Fatu PANeko presidentea eta Faruk Kaddumi Al Fatako buruzagia.
Mohammed Saied Tantaui buruzagi erlijioso musulmanak zuzendu zuen ekitaldia. Hilkutxari Palestinako bandera jarri zioten gainean eta Mekara zuzenduta kokatu zuten meskitan.Ekitaldia laburra izan zen oso. Tantauik Koranaren orrialde batzuk irakurri zituen hilkutxaren aurrean. «Bizi guztia herritarren alde lanean igaro zuen. Adorez eta zintzotasunez aritu zen, Jainkoarerik biltzeko unea iritsi zitzaion arte. Otoitz egin dezagun bere arimaren alde», esan zuen. Hileta amaitu ostean, meskitaren kanpoaldean jarritako karpa batean bildu ziren agintari eta estatu ordezkariak.Ekitaldira joandako ordezkarien artean, Aljeriako, Egiptoko, Indonesiako eta Jordaniako estatuburuak zeuden, besteak beste. Horietaz gain, Atzerri ministro ugari ere joan ziren Arafati azken egurra ematera. Horien artean, Jack Straw Erresuma Batutik, Michel Barnier Frantziatik eta Javier Solana Europako Batasunaren ordezkari gisa. Ameriketako Estatu Batuek ere bidali zuten ordezkaria: William Burns Estatu Idazkariaren aholkularia joan zen haien izenean. Israel izan zen ordezkaririk bidali ez zuen herrialde bakarrenetariko bat.
Kaleak hutsik
Kairoko aireportuaren inguruko etxeetako leihoak itxita eta kaleak hutsik zeuden atzo goizean. Poliziak eta soldaduek meskitaren inguruko kaleak itxi zituzten herritarrak hara hurbil ez zitezen. Ondorioz, manifestazioak izan ziren Egiptoko hiriburuan. Herritarrak meskitarik garrantzitsuenetariko baten inguruan bildu ziren, debekuaren aurka protestatzeko. «Atsekabetuta eta haserre gaude Arafati agur esaten utzi ez digutelako», esan zuen manifestarietako batek.
Bestelako arazoak ere izan ziren atzo Kairon. Italiako ordezkariek, esaterako, ezin izan zuten hiletan egon, Kairoko aireportutik irteteko arazoak izan zituztelako. Horretaz gain, ekitaldia amaitu eta Arafaten gorpua hegazkinera igo ostean, bestelako arazoak ere izan ziren. Arabiar ministro bati, adibidez, segurtasun indarrek ez zioten aireportura sartzen utzi, Amro Mussa Liga Arabiarreko idazkari nagusiak hura nor zen azaldu zien arte. Kairo eta Mukatako omenaldiez gain, beste hainbat lekutan ere egin dituzte ekitaldiak. Israelen bizi diren palestinarrek, adibidez, hiru eguneko dolu-aldia deitu dute eta Nazareten Arafaten omenezko ekitaldiak egingo dituzte.
JASSER ARAFATEN HERIOTZA
Gobernuburu eta diplomazialari ugari bildu dira Kairoko estatu hiletan
Herritarrak haserre agertu ziren hiletara joaterik izan ez zutelako, segurtasun neurriak zirela eta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu