Yousuf Raza Gilani Pakistango lehen ministroak bereari eutsi dio Auzitegi Gorenean egindako agerraldian, eta Asif Ali Zardari presidentea babestu du, ustelkeria leporatuta horren aurkako auzibidea ireki nahi baitu Justiziak. «Nire lagunekin eta adituekin eztabaidatu dut, eta guztiek diote presidenteak erabateko immunitatea duela». Auzitegi Gorenak deituta deklaratu behar izan du Gilanik, gobernuak Zardariren aurkako auzibidea ireki ez duelako agindutakoa ez betetzea egotzi baitio lehen ministroari. Zigorra ezarriz gero, Gilanik lehen ministro kargua gal lezake.
Pakistango Justiziak eta armadak gobernuko PPP Pakistango Herriaren Alderdiarekin duten lehiaren atal bat gehiago da Gilaniren aurkako auzibidea. 2008an parlamentuak lehen ministro izendatu zuenetik, armadarekiko harremana etengabe okertu da. Iragan abenduan estatu kolpe bat prestatzen aritzea egotzi zion Gilanik armadari. Armadak hori ukatu zuen.
Militarrek egin ez dutena, ordea, Justiziak egin lezake. Izan ere, Pakistanen Justizia armadarekin lerrokatu izan da beti —estatu kolpeei legezko babesa eman izan die—. Zardari auzibidean paratzeko presidente karguari dagokion immunitate auzia dago ebazteko. Pervez Musharrafek 2007an ezarritako amnistia bertan behera utzi zuen duela hiru urte Auzitegi Gorenak, eta hori baliatuz Zardariren eta haren emazte Benazir Bhutto lehen ministro ohiaren aurka aurrez irekitako auzibide bati berrekin zion Justiziak —Bhutto 2007an hil zuten—. Dirua zuritzea egozten diote Zardariri.
'Memogate kasua'
Gilaniren eta Zardariren aurkako auzibideez gain, Memogate kasua da Auzitegi Gorenak gobernuaren aurka irekitako bertze frontea. Eskandalua iragan urrian lehertu zen. Osama bin Ladenen hilketaren ondoren, Pakistanek AEBetan zuen enbaxadore ohiak mezu bat helarazi zion Washingtoni, balizko estatu kolpe baten aitzinean laguntza eskatuz.
Gobernuburuak Zardari presidentea babestu du
Estatuko buruak immunitatea duelako ezin dutela haren aurka jo erran du Yousuf Raza Gilani lehen ministroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu