Martxoaren 14an Fiskaltzak egindako eskaria aintzat hartu, eta AKP Justizia eta Garapenaren Alderdia legez kanpo uzteko prozesua abiatu du Turkiako Auzitegi Konstituzionalak; hau da, Gobernuko alderdia legez kanporatzekoa.
Fiskaltzaren arabera, Turkiako Estatuaren zutabe eta ezaugarri den laizismoaren kontra ari da AKP; "laizismoaren kontrako jardueren gunea" izatea leporatzen dio. Alderdiaren legez kanporatzea ez ezik, alderdiko 70 kideren aurkako inhabilitazio prozesua abiatzea ere onartu du Konstituzionalak. Recep Tayyip Erdogan lehen ministroa da inhabilita dezaketen kide horietako bat.
Abdulla Güll presidentea ere ez da prozesutik kanpo geratu. Egun inongo alderditako kide ez bada ere, AKPko kide izan zela argudiatuta, presidentea ere inhabilitatzeko eskatu zuen Fiskaltzak, eta Konstituzionalak aintzat hartu du eskaera hori ere. Nolanahi ere, epaileen arten eztabaida gehiago sortu du eskaera horrek AKP legez kanporatzekoak eta 70 kide inhabilitatzekoak baino: bi prozesu horien hasiera aho batez onartu dute Konstituzionaleko jujeek, eta, aldiz, presidente inhabilitatzeko prozesua hastearen kontra agertu dira hiru epaile.
AKPri akusazioak helaraztea izango da hurrengo urratsa, defentsa prestatu dezan.
Mundua
Gobernuko AKP alderdia legez kanporatzeko auzia abiatu du Turkiako Auzitegi Konstituzionalak
"Laizismoaren kontrako jardueren gunea" izatea egozten diote. Halaber, alderdiko 70 kide auzipetu dituzte, Recep Tayyip Erdogan lehen ministroa barne dela. Abdulla Güll presidente eta AKPko kide ohia inhabilitatzeko prozesua ere aintzat hartu du Auzitegi Konstituzionalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu