Gobernua osatzeko ezintasunaren aurka, bost gaztek bat egitea erabaki dute. Hala, flandriar batek, valoniar batek, frantsez-hiztun batek, aleman-hiztun batek eta nederlandera-hiztun batek manifestazio deialdi bat egin zuten sare sozialen bidez iragan urtarrilean. Bruselako kaleetan 35.000 lagun batzea lortu zuten. Gazte horietako bat da Felix De Clerck flandriarra. Protesta arrakastatsua egin bazuten ere, ez du uste helburua lortu dutenik, politikariek ez baitute espero bezala erantzun.
Gobernurik gabe egun gehien egin duen herrialdearen munduko errekorra haustear da Belgika.
Duela gutxi gerra osteko Europako errekorra hautsi genuen; orain, berriz, mundu markaren bila goaz. Hain herrialde txikia izanik desadostasunean txapeldun izatea ez da harro egoteko moduko zerbait.
Zertan eragiten du gobernurik ez izateak?
Eguneroko jardunean ez du eragiten, eta hori arriskutsua da. Eguzkia berdin-berdin irtetzen da goizero, eta gure bizitza ez da aldatu. Horrek gobernurik ez izatea garrantzirik gabeko kontua dela pentsatzera bidera dezake jende asko. Etorkizunera begira, baina, erabat beharrezkoa da eskubide guztiak izango dituen gobernu bat lehenbailehen eratzea, erabakiak hartu behar baitira. Politikariak ez dira larritasunaz jabetu.
Zeintzuk izan daitezke krisiaren luzerako ondorioak?
Gobernurik gabeko egun bakoitza alferrik galdutako egun bat da. Beraz, atera kontuak... Belgikan baditugu konpondu beharreko mila arazo. Krisi ekonomikoari erantzuteko erreformak egiteko garaia da, baina gobernurik gabe nekez egingo dugu hori.
Zatiketaren arrazoiak kronikoak bilakatu dira. Non dago irtenbidea?
Hizkuntza komunitate nagusien zatiketa nabarmena da, baina erdibidean topatu behako da irtenbidea. Autonomia handitu, baina era berean herrialdea indartu beharko dugu. Belgikako Estatuak legitimazioa irabazten ez badu, jai daukagu. Alde bakoitzak eskaerak neurrian egin beharko ditu.
Zeintzuk dira herritarren eskaerak?
Ekaineko hauteskundeetan argi geratu zen herriak erreformak nahi dituela. Flandria indartsuago bat eskatu dute ozen, baina baita Valonia indartsuago bat ere. Pragmatismoa eskatzen diegu politikariei. Eztabaida sinbolikoak alde batera uztea. Herrialde txikia gara, eta ados jartzeko gai izan behar dugu.
Nola lortu zenuten bost gaztek 35.000 lagun kalera ateratzea?
Dena Twitter eta Facebook bidez hasi zen. Gobernua osatzeko ahalegin hutsalen aurka bost lagunek elkartzea erabaki genuen, eta Facebooken orrialde bat sortu genuen sentitzen genuen lotsa adierazi eta babesa biltzeko. Sare sozialetan gure mezua berehala zabaldu zen, eta jende askok bat egin zuen deialdiarekin. 25.000 lagunek manifestaziora joango zirela esan zuten. Dena den, badakigu zein erraza den etxetik saguari klik egitea; ez genuen uste jendetza hori guztia bilduko genuenik. Azkenean, baina, aurreikuspen oro gainditu genuen; kasik 40.000 lagun biltzeko gai izan ginen.
Zergatik egin zuen bat manifestazioarekin hainbeste jendek?
Nik uste dut jendea oso haserre dagoela gobernua eratzeko gaitasun ezarekin. Herritarrak nekatu egin gara irtenbiderik eskaintzen ez duten negoziazioekin. Politikariak ez dira gai konpromisorik hartzeko, ezta egoera desblokeatuko duen proposamen bat bideratzeko ere. Horrek guztiak jendea kalera ateratzera bultzatu du.
Lotsa hitza aukeratu duzue lelo gisa. Zuen ordezkari politikoek lotsarazten zaituztete?
Bai, lotsatuta gaude oso politikarien jarrerarekin, ez direlako gai amore emateko, negoziatzeko, konpromisoak hartzeko, eta, funtsean, ados jarri eta gobernu bat eratzeko.
Herritarrek bat egin duzue politikarien eraginkortasun ezaren aurka. Politikariek mezua ulertu dutela uste duzu?
Ez, ez dute ezertxo ere ulertu. Politikarien eredu izaten saiatu gara. Gure kasuan, esaterako, eskualde ezberdinetako bost gazte bildu gara, eta gai izan gara elkarlanean aritzeko eta ados jartzeko. 40.000 lagunek auzo lotsa adierazi ostean erantzun bat espero genuen, eta hori ez da iritsi. Ez dute mezua jaso.
Irtenbide bitxiak entzun ditugu krisiari aurre egiteko. Besteak beste, adostasuna lortu arte bizarra ez moztea edo sexu greba egitea. Ez al da proposamen serioagoak egiteko unea?
Gauzak gaizki daudenean umorea beharrezkoa da. Gainera, oso tresna garrantzitsua izan daiteke jendea mugiarazteko. Dena den, noski, ezin dugu ahantzi hau oso serioa dela eta ez dela barregarria. Gure mezua argi eta ozen helarazteko garaia da.
Belgika. Adostasunik ez gobernua eratzeko. Felix De Clerck. Manifestaria
«Gobernurik gabeko egun bakoitza alferrik galdutako egun bat da»
Politikariekiko lotsa salatzeko milaka herritarrek kalera egin badute ere, agintariek ez dute mezua ulertu. Ideologia ezberdineko herritarrek bat egin dute irtenbide bat exijitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu