Eduardo Calvo. IPCCko negoziatzailea

«Goi bilera honek mugarria izan behar luke 2012rako akordioa lortzeko»

IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeko negoziatzailea da Eduardo Calvo. Cancunen herrialdeen arteko «konfiantza» berreskuratu dela goraipatu du

mikel rodriguez
2010eko abenduaren 11
00:00
Entzun
IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeko negoziatzailea da Eduardo Calvo perutarra. Kimikan doktorea da, eta Garapen Garbirako Mekanismorako taldearen presidenteetako bat izan da Cancungo goi bileran. Klima aldaketaren inguruan, etorkizunean akordioa lortzeko baikor dago.

Kopenhageko goi bileran ez zen emaitzarik lortu, eta, horren ondorioz, giro ezkorra nagusi izan da Cancunen. Zerbait lortuko al da?

Cancun, berez, arrakastatsua izan da, alde anitzeko sistemarenganako konfiantza berreskuratzen hasi delako. Kopenhagen gertatu zena zoritxarrekoa izan zen, baina Cancunen gardentasuna eta lanerako konfiantza topatu ditugu. Gainera, Mexikoko presidentetzaren borondate onak alde guztien adostasuna bilatzeko eta herrialderik edo talderik baztertuta ez gelditzeko lagundu du.

Ez dirudi Japonia Kyotoko Protokoloa berritzeko prest dagoenik, Txinaren eta AEBen jarreragatik. Jar al daitzeke ados?

Sisteman parte hartu nahi ez duen herrialdeak berau uzteko eskubidea du, protokoloaren arabera. Baina tresna hau badakigu garrantzitsua dela herrialde garatuentzat, munduko nazio guztiek dituzten gaitasun eta erantzukizunak islatzen baititu. Sinbolo bat da, eta, horregatik, normalean nahiago dute bertan jarraitu.

Eta Europako Batasunak aitzinera eginen al du Txinak eta AEBek jarrera aldatzen ez badute?

Proiektu honetan EB sektorerik eraikitzaileenetakoa izan dela aitortu beharra dut. Niri zuzentzea egokitu zaidan negoziazio taldean, Garapen Garbirako Mekanismoarenean, EBko ordezkariek borondate aparta erakutsi dute proposamen anitz eta alde ezberdinen arteko ikuskerak egokitzeko orduan. Bitartekari gisa bete duen zeregina hagitz baliotsua izan da. Hala ere, ezarritako helburu batzuk berraztertu beharko lituzke EBk, zientziak eskatutakoari hobeki egokitzeko.

Dudarik gabe, AEBen jarrerak eman du zeresan handiena. Barack Obamaren presidentetzak sortutako itxaropena badirudi itzali dela, eta, gainera, errepublikanoek Kongresurako hauteskundeak irabazi dituzte. Nola eragin du horrek negoziazioetan?

Zail egiten du lege bitartez bete beharrekoa izanen den tresna bat sortzea, horrek herrialdeetako parlamentuen oniritzia eskatzen baitu; eta AEBetan, gaur egungo indar korrelazioekin, horrelako akordio bat egitea hagitz zaila da.

Beraz, ez duzue itxaropenik AEBekin?

Tira, badago aukera bat, gerta litekeena. AEBetako Senatuak ebazpen bat onartu zuen 1998an. Horren arabera, garapen bidean dauden herrialde handienek legez bete beharreko konpromiso irmoak hartzen badituzte, AEBek ere bide berdinetik jo beharko lukete. Ebazpen horrek aukera eman dezake ganberetan eztabaida sustatzeko.

Beraz, mugitzen hasteko, gainerako herrialdeen esperoan egon behar dute AEBek?

AEBak mugitu ez direnik ere ez da egia. Obamak bere herrialdean bertan eta Kopenhagen egindako adierazpenak hor daude. Horrez gain, kontuan hartu behar dugu AEBen barreneko hainbat estatutako eta hiri garrantzitsuetako agintariek erakutsitako jarrera.

Estatuek iragarritako gas isurketak IPCCk proposatutako murrizketen gainetik daude.

Zoritxarrez, alde handia dago bien artean. Baina Cancungo bilerak etorkizunerako akordioak lortzeko konfiantza berreskuratzeko balioko du.

Eta zer lor liteke etorkizunean?

Goi bilera honek mugarria izan behar luke 2012rako, hau da, berezko urterako, akordioa lortzeko, baldintza eta ñabardura guztiekin. Cancunen oinarriak jarri ditugu, horren ondotik legezko esparru orokor bat sortzeko, eta esparru hori arautuko duen prozesua hasteko. Helburu horrek inolaz ere ez luke hiru urteko epea gainditu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.