Goi bilera presidenteek hitz egingo ez dutenaz

Mila erakunde sozial ingurutako ordezkariak Herrien Goi Bilera egin dute, herritarren arazoak aztertzeko

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
«Bizitzaren eta ez heriotzaren ikur» delako, koka hostoari omenaldia eginez hasi zuten joan den asteazkenean Herrien Goi Bilera, Cartagenan, mila erakunde sozial inguruko ordezkariek, Ameriketako goi bileraren egoitzatik gertu. 33 herritako presidenteek eztabaidatuko duten drogen kontrako politika aldaketa eskatu dute, eta, horrez gain, herritarren kezka eragiten duten beste hainbat gai jarri dituzte mahai gainean.

«Kontinente osoan dauzkagun arazo larriez eztabaidatzeko gune zabal bat eratu nahi izan dugu», azaldu du Enrique Dazak, bileraren antolatzaileen bozeramaileak. «Washingtonen gerra politika, eskualdeko herrietan merkataritza askearen itunek eragiten dituzten ondorioak eta atzerriko inbertsioaren sustapen indiskriminatua» dira, besteak beste, jorratu dituzten gaiak, eta batez ere injustiziaren eta ezberdintasunen zergatiak aztertu nahi izan dituzte, haiei erantzuteko.

Herri indigenek tarte berezia izan dute goi bileran. 150 indigenak Ameriketako herrien arteko harremanak aldatzea proposatu dute, eta bereziki AEBekin dituztenak.«Inposatzen duten sistema neoliberalari alternatibak bilatu nahi dizkiogu», Luis Evelis Andraderen arabera. ONIC Kolonbiako Indigenen Erakunde Nazionaleko kontseilari nagusia da bera, eta AEBenaz gain, atzerriko beste hainbat herritako konpainia handien txikizioak ere salatu ditu: «Baliabide natural guztiak amaitzen ari dira, eta, bide batez, indigenon bizitza ere bai».

Atzo eta herenegun, arloka, gai jakinen saioak egin zituzten, eta ondoren, batzar nagusian ateratako ondorioez aritu ziren. Gaur, berriz, Ameriketako goi bilera hasiko den unean manifestazioa egingo dute, Cartagenan bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.