Alberto Gomezek (San Luis de la Paz, Mexiko, 1955) ipar-mendebaldetik hego-mendebaldera zeharkatu behar izan du jaioterria ahotsa izateko, milaka eta milaka kilometro bere planteamenduak arreta eskasa izateko; Cancunen klima aldaketaren inguruan egiten ari diren goi bileran lekurik ez duten ehunka erakundeetako bat ordezkatzen baitu. Via Campesinako Ipar Amerikarako ordezkariak, hala ere, pozik dago egunotan egindako lanaz.
Cancungo goi bilera hasi aurretik porrotera bideratuta zegoela adierazi duzue. Zergatik?
Bada ez delako neurri serioak eta eraginkorrak hartzeko goi bilera bat. Porrotaz ari garenean esan nahi dugu gizadiarentzat dela porrota, ez gobernu eta multinazionalentzat; horientzat arrakasta baita bilera. Orain arteko ekimenak enpresen hedapena sustatzeko ekimenak izan dira, baina bada garaia mahaian esertzen diren estatuek negozioez hitz egiteari utzi eta klimaz aritzen hasteko; goi bilerako negoziazioak merkatarien truke sistema soila bilakatu baitira; lurrak, basoak, ibaiak pribatizatzea eragiten duena; arnasten dugun airea ere pribatizatuko dute. Argi dago, beraz, eredu kapitalistaren abaroan antolatutako goi bilera bat dela, multinazionalen mesedetan egiten dena, eta horregatik orain artean irtenbide faltsuak baino ez dituzte eman. Gainera, bilera sekretuak egiten ari dira, maniobra horien kontra dauden herrialdeei betoajarriz. Itxaropen bakarra dugu, antza denez, adostutako testuak aho batekoa beharko duelako izan eta horrek aukera emango lieke estatu txikiei dokumentua baztertzeko.
IPCC Klima Aldaketaren gaineko Gobernuarteko Adituen taldeak proposatutako kopurura ere ez dira iristen estatuek iragarritako gas isurketen murrizketak...
Hala da. Kyotoko Protokoloak bederen neurri zehatz batzuk ezartzen zituen, baina orain lausoagoa da dena. Ezin dena onartu da estatuek beren kabuz ezartzeamurriztu beharreko gasen ehunekoa, hori ere ez dutelako beteko. Mekanismoak behar dira horri aurre hartzeko, premiazkoa delako herrialde garatuenek %50ean murriztea gas isurketak, bestela tenperaturak igotzen jarraituko du eta ondorioak oso larriak izango dira.
Kyotoko Protokoloa ordezkatzeko epea bukatzen ari da. Zer gertatuko da ordurako akordiorik ez badago?
Tenperatura hiru eta lau gradu artean igoko dela, hondamendi naturalak areagotuko direla, migrazioak handituko direla, elikagaien krisia larrituko dela, pobreen kopuruak gora egingo duela... Etorkizun makur bat aurreikus daiteke neurriak azkar hartu ezean, eta momentuz ez dago benetako borondaterik klima aldaketari aurre egite aldera neurri eraginkorrak hartzeko.
Klima aldaketak garatu gabeko herrialdeetan garatuetan baino zortzi bider eragin handiagoa duela jakinarazi berri dute. Zer iritzi diozu horri?
Bidegabekeria bat da. Eta errealitate bat. Eta herrialde horietan kaltetuenak beste behin nekazariak gara, aurretik hainbat eta hainbat politikak ere kalte egin baitigute, politika neoliberalen biktima garelako, gure bizimodua modu gordinean aldatzera behartu gaituzten politiken biktima. Etengabeko krisian gaude eta ez dugu aukerarik gure ekarpena egiteko, nahiz eta gure bizimoduak onurak baino ez dizkion ekartzen gizadiari, nekazaritza baita planeta hozteko bideetako bat; beharrezkoak eta baliagarriak gara etorkizunean.
Bileretan parte hartzeko aukerarik izan al duzue?
Ez, eta horrek agerian uzten du erabakiak hartzeko prozesua bera ez dela demokratikoa. Ezin dugu gure ahotsa goratu. Goi bilera egin duten lekura ere ezin izan gara gerturatu eta komunikabideetara jo dugunean berehala etorri dira segurtasun indarrak sakabanatzera. Eztabaida zabaltzeko aldarrikatzen dugu, egin dezatela mundu mailako dei bat herritarrek euren iritzia eman dezaten. Gizarte aktiboago bat behar dugu, ez soilik kezkatuta dagoena, baizik eta ekimenak sustatuko dituena. Atsekabea adierazteaz gain neurriak ere proposatuko dituena eta bide horretan lan egingo duena. Herri xehetik sortutako mugimendua izan behar da agintarien eta multinazionalei aurre egingo diena.
Foro alternatiboa antolatu duzue. Zer-nolako proposamenak egin dituzue?
Bizitza, Ingurumen eta JustiziarenForoan hiru mila lagun inguru elkartu gara eta askotariko ideiak jaso ditugu. Batetik, klima aldaketa eragiten duten praktikak aztertu ditugu, basogabetzea, petrolio ustiaketa, kutsadura, meatzaritza, ekoizpen industriala...Mexikon, adibidez, nola jada ez duen beste ezer multinazionalei saltzeko -lurrak haien eskuetan baitaude-, meategiak ustiatzeko arautegia arindu dute eta herrialdearen %70 ustiatzeko egokia dela esan dute; dagoeneko enpresa kanadarren eskuetan utzi dituzte kontratuen %25.
Eta, bestetik, irtenbideez eztabaidatu dugu eta ondorio batera iritsi gara; premiazkoa da eredu kapitalistari aurre egitea eta eredu hori aldatzea, eredu horrek eraman baitigu egungo egoera eta horretarako gas isurketak epe motzean erdira murriztu behar dira. NBE Nazio Batuen Erakundeak murrizketak egiten ez dituzten estatuak zigortzeko mekanismoak ezarri beharko lituzke, klimaren inguruko auzitegi bat eratuz.
Zer proposamen zehatz dituzue?
Hausnarketa egin dugu eta nekazaritzaren garrantziaz mintzatu gara, eskala txikiko nekazaritza ekologikoak CO2a sortzen du eta, beraz, nekazariok ez gara iraganeko zama bat, baizik eta etorkizunerakogordailua, eta hori da sustatu behar dena, garapen iraunkorra, tokian tokiko ekoizpena, merkataritza eta kontsumoa, izan ere, elikagaien subiranotasuna bermatuko luke horrek. Aukera erreal bat gara.
KLIMA ALDAKETA. CANCUN
«Goi bilerako negoziazioak merkatarien truke sistema soila bilakatu dira»
Gomezek uste du goi bilera porrotera bideratuta dagoela, ez delako neurri serioak eta eraginkorrak hartzeko ekimen bat; sistema kapitalistaren abaroan antolatutako hitzordu bat dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu