«Goizegi da munduak Ruandako genozidioaren ikasgaia ikasi duela esateko»

2004ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
USHMM Ameriketako Estatu Batuetako Holokaustoaren Oroitzapenezko Museoa erakundeko zuzendaria da Jerry Fowller. Nazien holokaustoan hildako edo bertatik bizirik ateratakoen oroitza mantentzeaz gain, egungo genozidio mehatxuei aurre egiten saiatzen dira. Ruandako genozidioa nola gertatu zen ulertzeko ikerketak egin eta geroan halakorik berriz gerta ez dadin hainbat programa abiatu dituzte.

Hamar urte igaro dira Ruandako genozidioa gertatu zenetik. Nola ikusten duzu hango egungo egoera?

Masa hilketetatik sendatzen saiatzen ari da oraindik gizartea; erronka handia da. Egungo gobernuak nolabaiteko egonkortasuna lortu du, baina oraindik erronka asko ditu, hala nola azpiegitura gabezia izugarria.

African Rights erakundeko aditu Rakia Omarrek zera esan du: «Benetako adiskidetzarako goizegi da; hori datozen belaunaldiei dagokie». Baikorra al zara horren inguruan?

Benetako erronka da. Omarrekin bat nator esaten duenean oraindik goizegi dela, eta, horretarako, belaunaldiak igaro beharko direla. Gobernuak zenbait urrats egoki egin ditu adiskidetzeari dagokionez; adibidez, Batasunerako eta Adiskidetzarako Batzordea abiatu du, etnizitateari garrantzia kentzeko pausoak eman ditu, eta, hilketez akusatutakoen kasuetan, komunitateetan oinarritutako erabakiguneak martxan jarri ditu. Dena den, goizegi da horrek guztiak funtzionatuko duen esateko. Asmo oneko urratsak dira, izan.

Uste duzu munduak Ruandako ikasgaia ikasi eta genozidiorik ez gertatzeko neurriak hartu dituela?

Uste dut goizegi dela esateko munduak benetan ikasi duela. Izan ere, urrutira joan gabe, Sudanen indarkeria etnikoa jasaten ari dira azkenaldian. Sudango mendebaldean, Darfur aldean, borrokak izaten ari dira Armadaren eta gerrillarien artean. Ondorioz, zibilak arriskuan daude eta handik ihes egiten ari dira. Munduak nola erantzungo duen da koska; oraingoz oso motel ari da erreakzionatzen. Bestalde, Txetxeniakoa gertutik jarraitzeko gatazka da: zibilak bi suren artean daude; batetik, Errusiako Gobernuaren presioa eta mehatxua, eta, bestetik, Moskuren aldeko agintari txetxeniarrena.

NBEk Ruandan zuen komandante ohi Romeo Dallaire jeneralak esan du Frantziak, Erresuma Batuak eta AEBek ez zutela ardura aski jarri hilketak eragozteko. Ados zaude harekin?

Bai. Argi dago botere nagusiek jakin bazekitela zer ari zen gertatzen. Nazioarteak ez zuen hilketak gerarazteko ekinbiderik indartsurik hartu. 1998an AEBetako orduko presidente Bill Clintonek hori nabarmendu zuen.

Ruandako presidente Paul Kagamek berriki esan du genozidioak nazioarteko komunitatearen «porrota» erakusten duela...

Beno, Dallaire jeneralak genozidioa gertatu aurretik hura gerta zitekeela ohartarazi zuen. Genozidioa hasi zenean NBEko indarrak sendotzeko eskatu zuen, egoera kontrolatzeko gai izango zirelakoan. Alabaina, soldadu kopurua handitu beharrean, NBEren Segurtasun Kontseiluak haiek kopuru sinboliko batera murrizteko erabakia hartu zuen. Eta jakin bazekien zer gertatzen ari zen; hori argi dago. Baina horrela jokatu zuen.

Zer egin behar du nazioarteak genozidioak eragozteko?

Egin beharreko lehenbiziko gauza hauxe da: NBEko idazkari nagusiak arduradun berezi bat izendatu beharko du genozidio mehatxu potentzialerako zantzuak hauteman eta neurriak hartzeko alarma pizteko. Oinarri-oinarrizko betebeharra behar du izan NBErako. Bigarrenik, estatuburuek beren atzerriko politikaren funtsezko ekinbide bihurtu behar dute genozidioen prebentzioa. NBEk eta estatukideek hori oso argi eduki behar dute. Dena dela, dagoeneko zenbait urrats egin dira bide horretan. Hala, Suediako Gobernuak Genozidioa Eragozteko Nazioarteko Konferentzia antolatu zuen urtarrilean. Espero dezagun parte-hartzaileek orduan hartutako konpromisoak betetzea. Berriz nabarmendu nahi dut Sudango egoerarekin erne egon behar dugula, sarraskia eta genozidioa orain eragozteko, berandu baino lehen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.