Gonzalez eta Noboa bozen bigarren itzulira Ekuadorren

Hautagai correistak botoen %33 lortu ditu presidentetzarako lehen itzulian; Noboak, %23

2023ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
QUITO.Herritarren Iraultza alderdi ezkertiarreko hautagai Luisa Gonzalezek eskuratu zuen lehen postua igandean Ekuadorren egin ziren presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulian. Botoen %33,25 lortu zituen hautagai correistak. Bigarren tokian, inkestek ziotenaren aurka, Demokrazia Ekintza Nazionaleko hautagai Daniel Noboa geratu zen, botoen %23,73rekin.

Bigarren itzulia urriaren 15ean egingo dute, eta 2006an gertatu zen bezala, correismoa eta Noboa familiako kide bat lehiatuko dira. Kasu hartan, Ekuadorko presidente ohi Rafael Correa eta Alvaro Noboa, egungo hautagaiaren aita, izan ziren bigarren itzulian. Correak irabazi zituen hauteskundeak.

Horrez gain, bi herri galdeketa ere egin zituzten Ekuadorren: bat, nazio mailakoa, Yasuni parke nazionalaren petrolio ustiapenari buruzkoa; bestea, Quiton meatzaritzaren ingurukoa. Herritarren gehiengoak erabaki du Yasunian petrolioa lurrazpian mantentzea eta Choco Andino natur erreserban meatzaritza debekatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.