Goran Hadzic usteko gerra-kriminala Hagan dago jada gerra-krimenak agintzea leporatuta. Asteazkenean atxilotu zuten Serbian, Balkaneetako Gerraren azken iheslaria. Hagan Nazio Batuen ziegatan dago atxilotuta, eta hor egongo da bere kontrako epaiketa egin bitartean.
Hamalau gerra-krimen leporatzen dizkiote Hadzici, besteak beste, Vukovarreko Ospitaleko sarraskia, eta milaka hilketa, tortura eta kanporatze gehiago. Helburua Kroazia mendebaldean kroaziarrak desagertarazi eta gehiengo serbiarreko estatu bat sortzea zuen, Nazioarteko Zigor Auzitegiaren arabera.
Hadzicen abokatuak helegiterik aurkeztu ez dutenez, gaur bertan eraman dute Hagara. Abokatuak gaur arte zuen estraditatze aginduaren aurkako helegitea aurkezteko epea. NBEren atxilotze zentroan defentsa prestatzeko behar dituen baldintzak betetzen direla esan dute, eta presoentzako nazioarteko legediaren araberako beharrak goitik betetzen direla.