Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroak ustelkeria karguei aurre egin beharko badie ere —hilaren 24an hasiko da epaiketa—, Israelgo Auzitegi Gorenarentzat horrek ez dio eragozten agintean segitzea eta, hortaz, Benny Gantz Urdina eta Zuria koalizioko buruzagiarekin adostu duen koalizio gobernua osatzea.
Ahobatezko erabakia izan da 11 epaileek atzo gauean jakinarazitakoa, eta hori zen azken oztopoa Netanyahuk zuen helburuan, agintean jarraitzekoan. «Diputatu baten aurkako akusazio formal batek ez du hura inhabilitatzen gobernua osatu eta gidatzetik, legeak ezarritako baldintzetan. Ez dugu lege arrazoirik aurkitu hori eragozteko», jasotzen du autoak. Ez hori bakarrik: epaileek legezkotzat jo dute bi agintariek adostu zuten akordioa; besteak beste, gobernuburu karguan txandakatzea.
Erabakiaren berri izan eta berehala, jarduneko lehen ministroak eta Gantzek jakinarazi zuten gobernu berria osatuko duten ministroek datorren astean hartuko dituztela euren karguak, hilaren 13an. Egun horretan, Netanyahu lehen ministro bilakatuko da, berriz ere, eta 2021eko urrira arte jardungo du postuan; orduan hartuko du kargu hori Urdina eta Zuriaren buruzagiak —bien bitartean, lehen ministrorde eta Defentsa ministro izango da—.
Auzitegi Gorenarena garrantzi handiko erabakia izan da, Israelgo blokeo politikoa amaitzeko balio izan baitu. Jarduneko lehen ministroak ohartarazia zuen, izan ere, ebazpena kontrakoa balitz herrialdea laugarren hauteskundeetara joango litzatekeela, baina bazirudien horretarako aukera gutxi zegoela, Netanyahu ustelkeria kasuengatik inputatu duen Avichail Mandelblit fiskal orokorrak ere gobernuburu karguan jarraitzeko aukera zuela adierazi baitzuen.
Orain, bi agintariek gauerdira arteko epea dute Knesset-ak (parlamentua) bien itunaren alde bozkatu, eta Netanyahu lehen ministro aukera dezan. Horretarako nahikoa babes dute, baina denbora gutxi, ordu horretan amaitzen baita Reuven Rivlin herrialdeko presidenteak hautagai bat bilatzeko parlamentuari ezarritako epea; dena den, ez da espero azken orduko ezustekorik.
Zisjordaniaren auzia
Horiek horrela, gobernabide itunaren arabera, koalizio gobernuak osasun larrialdiari buruzko legedia besterik ezingo du sustatu agintaldiaren lehen sei hilabeteetan, eta Zisjordaniaren parte bat anexionatzeko lege proiektua soilik uztailaren 1etik aurrera onarraraz dezake.
Auzitegi Gorenaren erabakiaren atarian, Ameriketako Estatu Batuen Israelgo enbaxadore David Friedmanek jakinarazi zuen ezen Etxe Zuriak «datozen asteetan» onartuko zuela Tel Aviven eremu horiekiko «subiranotasuna»; halere, horretarako baldintza bakarra jarri zion Netanyahuri: Palestinako Aginte Nazionalarekin (PAN) «negoziatzeko borondatea» agertzea.
«Ez gara gu subiranotasuna aldarrikatzen ari garenak, Israel baizik; eta hura babesteko prest gaude. Lurralde antolaketa prest dagoenean, Israelek bere esku geratuko ez diren lurretan eraikitzeari uzten dionean, eta palestinarrei hitz egiteko eskaintza egiten dienean, aurrera egiteko prest egongo gara», zehaztu zuen Friedmanek.
Egun berean, jardunean diharduen gobernuak Zisjordanian beste 7.000 etxebizitza eraikitzeko plana onartu zuen. Mahmud Abbas PANeko presidenteak asteon ohartarazi du bertan behera utziko dituela Israel eta AEBekiko «akordio guztiak» baldin eta Zisjordania anexionatzeko egitasmoak aurrera segitzen badu. Arabiar Ligak ere bat egin du PANekin, eta salatu du «beste gerra krimen bat» direla Tel Aviven asmoak.