Japoniako lurrikara. Pertsonaia. Moshe Katsav

Gorenetik gain behera

2011ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Negarrari eman dio Moshe Katsav Israelgo presidente ohiak (Yadz, Iran, 1945) epaileak epaia eman duenean: zazpi urteko kartzela zigorra bortxaketa eta sexu erasoengatik. Israelen eredu zen gizonaren erabateko gainbeheraren irudia eskaini du Katsavek malkoen artean. «Oker zaude! Gezurtiak irabaztea onartu duzu!» oihukatu dio onetik irtenda epaileari.

Gorenean zegoenean jarraitzaileak zientoka zituen. Orain, berriz, sendiak soilik babesten du. Zuhurra zela diote, baina epaiketan argi utzi du egoerak okerrera egiten duenean ez dakiela bere burua kontrolatzen.

Herrialde arabiarretako milaka juduk bezala, Katsaven sendiak sortu berria zen Israelgo estatura jo zuen. Errefuxiatuen kanpaleku batean eman zuen haurtzaroa. Gerora Kiriat Malaji herria bilakatu zen kanpaleku hori, eta Katsav hango alkate aukeratu zuten 24 urte besterik ez zuenean, herrialdeko alkaterik gazteena.

Etorkizun oparoa ikusten zioten ingurukoek. Kiriat Malajin, bere belaunaldian unibertsitate ikasketak amaitu zituen bakarra izan zen. Gutxika-gutxika goraka hasi zen haren ibilbide politikoa. Alkatetzatik diputatu izatera, eta gero, ministro lanetara. Lan eta Gizarte gaietako ministro lehenik, eta Turismo ministro gero. 2000. urtean legebiltzarrak presidente izendatu zuen. Orduan ezezaguna zen herritarrentzat. Gehiengo batek nahiago zuen Simon Peres laborista; bere lekukoa hartu zuena, hain justu. Eskuinak Israelen izan zuen lehen presidentea bilakatu zen, baina ultra-ortodoxoen babesari esker.

Bi bortxaketa eta eraso sexualengatik ezarri dioten kondenak, dena den, Israelen gorenera heldu zenaren irudia erabat zapuztu du. Maiatzaren 8an sartuko dute kartzelan; Israelgo Independentziaren urteurrena ospatuko duten egunean, hain justu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.