Israel-Palestina

Gose greba egiten ari dira Palestinako bederatzi preso

Egun 550 palestinar daude atxiloaldi administratibopean. Israelek Gaza bonbardatu du asteburuan.

Palestinako protestari bat Israelgo indarrei harri bat botatzen, iragan larunbatean, Gazan. MOHAMMED SABER / EFE
maddi iztueta olano
2021eko abuztuaren 23a
13:00
Entzun

Palestinako bederatzi preso gose greban daude atxiloaldi administratiboaren aurka. Salem Ziadat presoak ekin zion protestari lehendabizi, duela 42 egun, eta haren atzetik beste zortzi preso gehitu dira grebara: Mujahed Hamed (40 egun), Kaied Fasfus (39 egun), Mokdad Qawasma (32 egun), Ahmad Hamamra (23 egun), Akram Fasfus (hemezortzi egun), Alaa al-Araj (hamabost egun), Hisham abu-Hawash (sei egun) eta Omar Jaabary (bost egun). Palestinako Atxilotuen eta Atxilotu Ohien Gaien Batzordeak salatu du grebalari batzuk osasun arazoak pairatzen ari direla dagoeneko.

Atxiloaldi administratiboaren legeak palestinarrak kargurik eta epaiketarik gabe atxilotzea ahalbidetzen dio Israelgo Gobernuari. Argitara ateratzen ez dituzten frogetan oinarrituta, presoek hiru eta sei hilabete arteko espetxe zigorrak jaso ditzakete, baina horiek nahi adina aldiz berritu ditzakete Israelgo agintariek. Horrez gain, atxilo eramaten dituzten pertsonen abokatuek debekatua dute presoen aurkako frogen berri izatea.

Nazioarteko zuzenbideak atxiloaldi administratiboa modu orokor eta sistematikoan erabiltzea debekatzen du, baina Israelgo Gobernuak sarri erabiltzen du palestinarren aurkako tresna gisa. Palestinako Addameer Atxilotuen Babeserako eta Giza Eskubideen Elkartearen arabera, egun 550 palestinar inguru daude atxiloketa administratiboagatik preso; horietatik gehiengoa giza eskubideen aldeko ekintzaileak, unibertsitateko ikasleak, abokatuak eta atxilotuen senitartekoak dira.

Bestalde, Israelgo armadak Hamas mugimendu islamistaren ustezko biltegiak bonbardatu zituen igandeko ordu txikitean, Gazan. Israelgo Poliziak adierazi zuen armadaren hegazkinek Hamaseko kideek armak egiteko eta gordetzeko baliatzen dituzten lau guneri eraso zietela, eta nabarmendu zuen leherketek ez zutela ez zauriturik, ez hildakorik eragin. Hala ere, asteburuko erasoak iragan maiatzeko bonbardaketatik izandako larrienak dira.

Aire bidezko erasoa larunbateko liskarren ostean iritsi zen. Ehunka palestinar kalera irten ziren duela 52 urte Jerusalemgo Al-Aqsa meskitan piztutako sutea gogoratzeko. Manifestazioak baketsua behar zuen arren, liskarrak piztu ziren protestarien eta Israelgo segurtasun indarren artean. Palestinako Osasun Ministerioaren arabera, 40 palestinar zauritu zituzten; tartean, 3 eta 14 urteko bi haur palestinar, buruan tiro bana jasota.

Protestariek harriak eta lehergailuak jaurti zizkien Gazako harresiaren bestaldean zeuden Israelgo segurtasun indarrei. Israelgo Poliziak adierazi zuen dozenaka palestinar harresia igarotzen saiatu zirela, eta orduan, negar gasa eta lehergailuak jaurti zituztela. Halaber, Israelgo Poliziak jakinarazi zuen beren kide bat ospitalera eraman zutela larri.

Protestak baretu ostean, Palestinako hainbat taldek, horien artean Hamaseko kideek, Israelgo Poliziari oldartutako «gazteria ausarta» txalotu zuten, eta Israelgo okupazio indarrek zibilen aurka erabiltzen duten gehiegizko indarkeria salatu.

Egiptok ateak itxi ditu

Gaurtik aurrera itxita dago Gazaren eta Egiptoren arteko Rafahko muga. Gazako Barne ministro Iad al-Bozomek atzo eman zuen itxialdiaren berri, baina ez zuen muga noiz irekiko duten —edo irekiko duten— azaldu, ezta Egiptoko agintariek hartutako erabakiaren zergatia ere.

Egiptok iragan maiatzean ireki zuen Rafahko muga, Israelen eta Gazaren arteko bonbardaketan zauritutako palestinarrak ospitalean artatzeko; izan ere, Israelgo Gobernuak kontrolatzen ez duen eremu bakarra da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.