Gosetearen itzal ikaragarria hedatzen hasia da beste behin Ipar Koreako herritarren artean. Gertakizun itzel hori galarazteko asmoz, MEP Nazio Batuen Munduko Elikadura Programak iragarri du aste honetan Ipar Koreari gaur egun helarazten dion elikadurarako laguntza lau bider handituko duela, betiere Piongiangeko erregimenaren baimena lortu eta gero. MEPeko arduradunen esanetan, Ipar Koreako 23,8 milioi bizilagunetatik 6,5 milioi inguruk janari eskasiaren ondorioak pairatzen dituzte, eta gosetea hedatzearen arriskua handitzen ari da egunetik egunera. 1990 eta 1996 urteen artean izandako gosetean ia milioi bat korear hil ziren.
«Egoera oso kezkagarria da, eta eskualde batzuetan egunetik egunera larriagoa bihurtzen ari da, arrisku handienetan diren herritarren artean», adierazi zuen herenegun MEPen Ipar Korearako arduradun Jean-Pierre de Margeriek. Nazio Batuen Erakundeko ordezkariak zehaztu zuen Ipar Koreak 2007ko udan jasan zituen uholdeek dutela egoera berriro ere larri-larrian jarri. Hondamendi horien ondorioz, uzta asko hondatu egin ziren, eta oinarrizko elikagaientzako labore kopurua sei milioi tonakoa izan beharrean 1,6 milioi tonatan geratu zen.
«Datorren irailerako, premiazko laguntza paratuko eta indarrean jarriko dugu, eta horren kostua 500 milioi dolarrekoa [311.420 milioi eurokoa] izango dela aurreikusita daukagu», zehaztu du Margeriek. Izan ere, Munduko Elikadura Programak kalkulatuta dauka Ipar Koreako 1,2 milioi bizilagunek nazioartearen laguntza jasotzen dutela gaur egun, eta beste bost milioi inguru izango direla horren beharrean hemendik gutxira.
Nazioarteko erakundeak eginiko ikerketa baten arabera, egoera ez bada iritsi oraindik 1990eko hamarkada amaierako gosetearen neurri ikaragarrietara ere, Ipar Koreako 23 milioi bizilagunetatik erdiak janari oso gutxirekin bizitzera behartuta daude.
2005. urtean, Piongiangeko gobernuak exijiturik, Munduko Elikadura Programak gutxitu egin zuen urteetan Ipar Koreari helarazten zion elikadurarako laguntza. Alabaina, joan den apirilean nazioarteko erakundeak lau haizeetara zabaldu zuen ohartarazte ozenaren ostean, agintariek MEPeko hamabi aditurekin biltzea onartu zuen. Horiek eginiko azterketen ondorioz du nazioarteko egiturak jakinarazi bere laguntza laukoiztu egingo duela. Aditu kopurua 60ra igo da joan den ekainaz geroztik, eta orain arte debekatuak zituzten 128 barrutira sartzen ere utzi diete.
AEBen laguntza
MEPen laguntza handitzeari aurrea hartuta, Ameriketako Estatu Batuek 37.000 tona labore helarazi zituzten joan den igandean, Ipar Koreara. Laguntza hori da Washingtonek eta Piongiangek, maiatzaren 16an, iragarri zuten akordioaren lehen gauzatzea. Bi herrialdeetako agintariek adostu zuten AEBek, urtebetean, 500.000 tona labore helaraziko dizkiola Ipar Koreari. Washingtonek laguntza eten egin zuen 2006an, argudiatuz zalantzak zituela laguntza benetan behar zutenei iristen zitzaien. Maiatzean hitzartutakoaren arabera, Piongiangek konpromisoa hartu du MEP eta nazioarteko beste erakunde batzuei laguntza hori behardunei heltzen zaiela egiaztatzen uzteko.
Washingtonek ukatu du Ipar Koreari helarazitako laguntza horrek zerikusia duela Piongiangeko aginteak auzi nuklearraren inguruan hiru egun lehen gauzatutako ekimenarekin. Ipar Koreako Gobernuak, hain zuzen, arlo nuklearreko bere jardueren datu zehatzak jarri zituen IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren esku. Hori eskatzen zioten, auzi hau konponbidean jartzeko xedean, Piongiangekin azken bost urteotan negoziatzen ari den bost herrialdeek-AEBak, Errusia, Hego Korea, Japonia eta Txinak- . «Eskaintzen dugun laguntza ez dugu politika kontuekin lotzen», adierazi zuen, astelehenean, AEBetako Estatu idazkaritzako bozeramaile Tom Caseyk.
Gosetearen itzalpetik ihes egin ezinik
Gaur egun, Ipar Korean sei milioi lagun inguru gosez bizi dira, eta 1,2 milioik MEP Munduko Elikadura Programaren laguntza jasotzen dute; horiek hala, laguntza hori laukoiztu nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu