Tunisiako Langileen Batasun Orokorra sindikatuak greba orokorrera deitu du gaurko, Mohamed Brahmi ezkerreko diputatuaren hilketaren kontra protesta egiteko. Sami Tahri sindikatuko bozeramaileak iragarri du "greba politikoa" izango dela, "Tunisiaren defentsan" eginikoa, "hilketa politiko berri honen kontra protesta egiteko". Herrialdera sartu eta bertatik irteteko hegaldi guztiak bertan behera utzi dituzte grebaren ondorioz.
Mohamed Brahmi Herriaren Mugimenduko buruzagia El Ghazela hirian hil zuten atzo —Tunis hiriburutik gertu—, etxeko atarian. Echaab (Herria) ezkerreko mugimenduaren idazkari nagusia izandakoa zen Brahmi, eta 2011ko matxinadaren ondoren, Herriaren Mugimenduaren sorreran parte hartu zuen. 2011ko hauteskundeetan bi parlamentari lortu zituen alderdi horrek; Brahmi zen bat.
Hilketa gaitzetsi dute hainbat eragilek. Catherine Ashton Europako Batasuneko diplomazia buruak "irmotasun osoz" gaitzetsi du, eta eskatu du Brahmiren hiltzailea epaitzeko. "Hilketa politiko hauek demokraziaren etsaiek herrialdeari eginiko erasoa dira", esan du.
Ennahada alderdi islamistako presidente Rachid Ghannouchik, berriz, "irmotasunez" gaitzetsi du hilketa, eta "herrialdearen segurtasuna" deusezteko eraso bat izan dela gaineratu du.