Greziako ezkerrak gobernua osatu nahi du, baina oso-oso zaila du

Ezker Demokratikoak babesa eskaini dio Sirizari, baina biak batuta ere gehiengotik oso urrun daude

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Greziako Errepublikako presidentziak Siriza ezkerreko koalizioari gobernua osatzeko ardura ematearekin batera jaso du lehen babesa Alexis Tsipras Sirizako presidenteak. Ez du nahikoa, ordea. Dimar Ezker Demokratikoak gobernua osatzeko babesa eskaini dio, baina horien hemeretzi diputatuek eta Sirizaren 52k ez dute parlamentuan gehiengoa izateko behar dituzten 151 botoak lortuko. Gainera, KKE Greziako Alderdi Komunistak —26 diputatu—dagoeneko ezezkoa eman dio Tsiprasi.

Joan den igandean hauteskundeak irabazi zituen ND Demokrazia Berria kontserbadoreko buru Antonis Samarasek hiru eguneko epea zeukan gobernu berria eratzeko, baina nahikoa izan zituen bost ordu gobernua osatzea ezinezkoa dela ondorioztatzeko. Horregatik hartu zuen atzo gobernua eratzeko ardura bigarren indarrak. Orain arteko alderdi bitasuna apurtu dute Greziako hautesleek, legebiltzarra ideologia anitzeko zazpi alderditan banatuz.

Gobernua osatzeko bere baldintzak zeintzuk diren argitu ditu Tsiprasek: Bruselarekin sinatutako memorandumeko neurriak indargabetzea, langileen eskubideak urratzen dituzten neurri guztiak ezabatzea, diputatuen zigorgabetasuna indargabetzea, hauteskunde legea aldatzea eta Greziako bankuak ikertzea, besteak beste.

Hauteskundeak berriro

Gaur sindikatuekin, gizarte mugimenduekin eta enpresariekin bilduko da Tsipras. Bihar, berriz, Pasok sozialdemokratarekin, Greziar Independenteak nazionalistarekin eta ND kontserbadorearekin bilduko da. NDk, halere, jada esan dio Tsiprasi ez duela babestuko. Gobernurik osatzen ez badute, bozak deitu beharko dituzte berriro: ekainaren 17an, Greziako hedabideen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.