Grezian, gaur hartu du kargua trantsizioko gobernu berriak. Atzo Lukas Papademos izendatu zuten batasun nazionaleko gobernu berriko lehen ministro. Evangelos Venizelos izango da lehen ministrordea eta Finantza ministroa. Papademosen kabinetea osatuko dutenen artean daude Dimitris Avramopulos kontserbadorea, Defentsa ministro gisa, eta Stavros Dimas europako komisari ohia, kanpo ministro bezala.
Gobernuko partaide izango da LAOS eskuin muturreko alderdia ere, lehendabizikoz 1924tik. Gobernu berria 48 kidek osatzen dute, barnean, 17 ministro: Pasok alderdikoak 12 ministro eta bi ministrorde, ND alderdikoak bi ministro eta LAOS alderdikoa bat.
Georgios Papandreuk herenegun eman zuen dimisioa lehen ministro kargutik, eta batasun nazionaleko gobernua eratu dute. Gobernu berriaren helburuak Greziak euroarekin jarraitzea eta eurogunearen bigarren erreskate plana garatzea dira. Papademosen arabera, "trantsizioko gobernua" da. Otsailean egingo dituzte hauteskundeak.
Papademos Greziako Bankuko presidente ohia (1985-1993) eta Europako Banku Zentraleko lehendakariorde ohia (2002-2008) da. Berak aitortu du ez dela politikaria, baina azpimarratu du "bizitza osoa eskaini" izan diola Greziari. "Bidea zaila" izango dela esan du, "baina lankidetza eta kohesioa baditugu arazoak errazago konponduko ditugu".