Suteak Grezian

Greziako Gobernuaren arabera zantzu argiak daude suteak nahita eragin zituztela frogatzeko

 83 hildako eta dozenaka desagertu eragin dituzte azken egunetan Grezian izandako suteek. Herritarrak kexu azaldu dira Greziako Gobernuak egin duen kudeaketarekin.  

Gurutze Gorriko langileak desagertutako pertsonen bila, Grezian. YANNIS OLESIDIS, EFE
Ainhoa Larretxea Agirre.
2018ko uztailaren 27a
13:42
Entzun

Greziako suteetan hildakoen kopuruak goraka jarraitzen du. Inoizko suterik larrienak izan dituzte azken egunetan. 83 dira jada suteen ondorioz hildakoak eta 60 pertsonak zaurituta jarraitzen dute. Horietako hamaika larri daude ospitalean. Dozenaka lagun desagertuta daude oraindik eta suhiltzaileak bilatzeko lanetan ari dira.

Suteak nola sortu ziren ikertzen hasi da Greziako fiskaltza eta suak nahita eragin izanaren "zantzu argiak" daudela adierazi zuen Nikos Toskas Orden Publikoko ministroak. Matin, suteek gogorren erasan duten herrian hori frogatzeko "gauza susmagarriak"  aurkitu dituztela gaineratu zuen ministroak. Sua nola zabaldu zen ere kontatu dute prentsaurrean. Sotirios Terzudis suhiltzaileen buruak adierazi duenez, zuhaitz artean eraikitiako herria da eta haize bolada indartsuek ordu eta erdian zabaldu zuten sua. Jende askok ez zuen ihes egitea lortu eta etxeetan edo autoetan zendu ziren. 

Pannos Kammenos Greziako defentsa ministroak BBC kateari egin zizkion adierazpenak atzo. Kateari adierazi zionez, Matin baimenik gabe eraikitako etxe andana dago eta honek "desastrea" areagotu bertzerik ez zuen egin.

Sua nola sortu zen ikertzeko NASAk utzitako irudiak erabiltzen ari dira ikertzaileak. Irudietan ikusi dutenez, Matin ez ezik Pinetako—suteek kaltetutako bertze herrietako bat—suak ere nahita sortu izanaren zantzuak daude. Ikertzaileen arabera ordu erdian hamaihiru su piztu ziren, denak norabide berean.

Herritarrak haserre

Kammenos defentsa ministroa Matin izan zen atzo. Bertan suteak kaltetutako herritarrak zituen zain. Haserre eta negar artean hartu zuten herritarrek defentsa ministroa. Laguntzarik eman ez izanaz akusatu zuten. Herritarrek adierazi zuten ihes egitea lortu zuten asko hondartzan egon zirela laguntza noiz iritsiko zain eta, azkenean, herritar anonimoak izan zirela laguntzera joan zirenak. Suteen larritasunaz herritarrak ez ohartaraztea ere egotzi zioten ministroari. 

Greziaren historian inoiz izan diren suterik larrienak dira azken egunetakoak. 2007az geroztik ez zen halako suterik piztu. Orduan, dozenaka pertsona hil ziren Peloponeso eskualdean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.