Europa krisian. Greziaren gainbehera

Grezian berriro bozetara deituko dute, ekainerako

Gobernua teknokratekin osatzeko presidenteak eginiko proposamenak ez du lortu alderdien behar bertzeko sostenguaSirizari eta Greziar Independenteei egotzi diete negoziazioen porrota bertze alderdiek

mikel rodriguez
2012ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Gobernua eratzeko negoziazioen bidea akitu da Grezian. Karolos Papulias presidentearen azken proposamena gobernua teknokratekin osatzea izan da, baina ez du behar bertzeko sostengua lortu. Beraz, heldu den hilean hauteskundeak eginen dituzte berriz ere. Azken saioa atzo egin zuten, Atenasen. Parlamentuan ordezkaritza lortu zuten zazpi alderdietatik bortz elkartu ziren presidentearekin —KKE Greziako Alderdi Komunistak uko egin dio negoziazioetan parte hartzeari, eta Egunsenti Urrekara neonazia baztertu egin dute—. ND Demokrazia Berria kontserbadoreak, Pasok Mugimendu Sozialista Panhelenikoak eta Dimar Ezker Demokratikoak hauteskundeak errepikatzearen erantzule egin dituzte Siriza ezkerreko koalizioa eta Greziar Independenteak eskuineko alderdia. Gaurko ere bilera batzuk antolatu ditu Papuliasek, baina hauteskundeetara arte jardungo duen trantsizioko gobernu bat aukeratzeko. Hain zuzen, gaur bete dira hamar egun bozak egin zituztenetik.

Teknokraten gobernu bati atea zabaldu zioten alderdiak ND eta Pasok ziren, nahiz eta erran ez zitzaiela egokiena iruditzen. Bi alderdi horiek bertze baten sostengua nahikoa zuten gobernua osatu ahal izateko. Dimarrek baldintzatzat Sirizaren parte hartzea jarri ondoren —eta Sirizak ezetz erantzun zuen—, NDk eta Pasokek Greziar Independenteen ustezko jarrera aldaketan zituzten esperantzak. Papuliasek agiri bat helarazi zien gainerako alderdietako buruei astelehen arratsean; agiri hori ustez Greziar Independenteek egina zen, eta bertan eskuineko alderdiak baieztatzen zuen batasuneko gobernu bat eratzeko prest zegoela «larrialdi nazionalagatik». Atzoko bilera baino lehen, ordea, Panos Kammenos Greziar Independenteen buruak gezurtatu egin zuen berak agiri hori bidali zionik presidenteari.

Kammenos NDko parlamentaria zen, baina Antonis Samaras buruzagiak alderditik egotzi zuen nazioarteko erreskate planekiko kritiko agertu zelako. Greziar Independenteak alderdia sortu zuen orduan Kammenosek, NDrekin alderatuta diskurtso nazionalista indartuz, EB Europako Batasunetik urrunduz eta erreskate planaren aurka lerratuz. Atzoko bileraren ondotik ere argi utzi zuen bere jarrera Kammenosek. «Greziarrok jarraitu nahi al dugu Merkelen mehatxuekin, murrizketekin eta erreskatearen baldintzekin bizitzen?». Kammenosek ND eta Pasok egin ditu negoziazioen porrotaren errudun, eta erran du Samarasek lehen ministro izateko presio egin duela. NDk erantzun du Kammenosen argudioak «irrigarriak» direla.

Sirizaren «alderdi interesak»

Pasokek eta Dimarrek, berriz, Sirizarengan paratu dute erantzukizuna. «Herrialdea berriz ere hauteskundeetara doa hagitz baldintza zailetan, batzuek alderdiaren interesa interes nazionalaren gainetik paratu dutelako», erran du Evangelos Venizelos Pasokeko buruak. Dimarreko buru Fotis Kuvelisen ustez ere «alderdi batzuek haien interesen alde egiteko aukeraketa politikoa egin dute». Pasokek, baina, Dimar ere kritikatu du, ez duelako nahi izan gobernua osatu Siriza gabe. Sirizatik banatutako alderdia da Dimar, koalizioak EBrekiko zuen jarrera gogorregitzat baitzuen.

«Alderdi interesak» aipatzerakoan, azken inkestek iragarritakoaz ari dira Pasok eta Dimar, Sirizak bozak irabaziko bailituzke botoen %20-27 artean lortuta. Alexis Tsipras koalizioko buruak erantzun du hautesleek egindako «gutxieneko eskaerak» babestuko lituzkeen gobernu bat eratzen saiatu direla. «Gure eskakizun nagusia izan da bertan behera uztea pentsioak eta soldatak murriztu dituzten neurri gogorrak, eta langileen eskubideak berrezartzea». Hurrengo bozetan «ezkerreko gobernu azkarrago bat» sortzeko aukera ikusten du Tsiprasek. NDko buru Samarasentzat, berriz, «galbidera daraman ezkerraren abenturismoaren eta indar eraikitzaileen arteko borroka» izanen dira hauteskundeak.

Ekainaren 10ean edo 17an

Bozetarako bi egun aipatu dira: ekainaren 10a edo 17a. Duela hamar egun NDk irabazi zuen, baina boto galera izugarriarekin—%33tik %19ra—. Soilik bi puntuko aldea atera zion Sirizari, eta Pasok, 2009ko irabazlea, hondoratu egin zen —%44tik %13ra—. Horien gibeletik gelditu ziren Greziar Independenteak %10 ingururekin, KKE komunista %8,5ekin, eta Egunsenti Urrekara neonazia ia %7rekin. Soilik ND eta Pasok daude nazioarteko erreskate planaren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.