Grezian inoiz izandako suterik handienetan 60 lagun hil dira gutxienez

Su-pizleak 'terroristatzat' hartuko dituzten ari dira aztertzen; dagoeneko 32 lagun atxilotu dituzte

2007ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
«Herrialde guztiaren erdia baino gehiago sutan edo erreta dago». Greziako egoera beltza hitz horiexekin deskribatu du Nikolas Diamandis Suteetarako Departamentuko bozeramaileak. «Inoiz izan gabeko hondamendia da», gehitu du. Iragan ostiraletik piztutako suteen kopuruak gora egiten duen neurrian, hildakoen zerrenda ere luzatuz doa. Hain zuzen, Greziako iparraldeko Evia uhartetik hegoaldeko Peloponeso penintsularaino zabaldutako suteen ondorioz, gutxienez 60 pertsona hil dira.

Aitzitik, denborak aurrera egin ahala egoerak txarrera egiten du. Herrialdean duten eguraldi bero eta lehorrak, baita azken egunetako haize boladek ere, egoera ezin aproposagoa sortu dute sua indartu eta eremu berrietara zabaltzeko. Hala ere, igandetik atzo arte beste 83 sute atzeman zituzten, eta, Gobernuak aditzera eman duenez,gizakiak nahita eragindakoak dira gehienak, batera piztu baitziren asko.

Peloponesoko penintsulan ari da sua kalte gehien egiten. Besteak beste, Zohare herritik gertu 35 pertsona hil ziren iragan larunbatean. Sutatik ihesi zihoazen, baina suak harrapatu eta kiskalita hil zituen. Oro har, ordea, egoera oso larria da ia penintsula osoan. «Keak biltzen du guztia. Hala ere, gertatzen ari dena ikaragarria dela antzematen da», dio Catherine Lee britainiarrak Peloponesoko hego-ekialdean dagoen Kalamata aireportutik. Lee oporrak pasatzera joana zen.

Senitartekoak, bizilagunak eta lagunak galdu dituztenez gain, ehunka dira etxerik gabe geratu direnak. «Ikaragarria, erabat tristea da gertatzen ari dena. Inoiz ikusi dudan gauzarik okerrena da. Sute gehiago izan dira, baina honakoak dena suntsituko du», azaldu Angela Katsiki Koliriko bizilagunak.

Evia uhartean bost pertsonaren gorpuekin egin zuten topo suhiltzaileek igandean. Halaber, ehunka herritarrei etxetik alde egiteko agindu zieten. Ferryetan sartu eta toki seguruagoetara ihes egin behar izan zuten. «Sua lasterka zetorren herrira», gogoratu du uharteko Aliveri herrian bizi den greziarrak. «Handik atera behar izan genuen, bestela hil arte erreko ginen. Ez zegoen inor gu salbatuko gintuenik». Kilometro batzuk hegoaldera, Atenasen, sua atariraino ailegatu ez bazaie ere, keak inguratzen du hiria. Hegoalderago, Kalivia eta Keratea herrietan, ordea, ez dute halako zorterik izan, eta suak etxeak eta fabrikak erre dizkiete.



'EKINTZA TERRORISTAK'. Biron Pildoras Ordena Publikoko ministroaren ustez, suteak «mehatxu asimetrikoak» dira. Hitz horiek berak erabili zituen AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak iaz terrorismoa-rierreferentzia egiteko. Pildorasen arabera, Terrorismo eta Antolatutako Krimenaren Aurkako ministroa, Dimitris Papangelopulos, suteen auzian terrorismo-rakozuzenbidea aplikatzea posible den aztertzen ari da. Su-pizleak terroristatzathartuko balira, agintariek ikerketarako eta atxiloketetarako botere gehiagoren jabe izango lirateke.

Iragan ostiraletik Greziako Poliziak ustezko 32 su-pizle atxilotu ditu. Datozen orduetan gehiago ere atzemango dituztela uste dute. Izan ere, Gobernuak soldaduak bidaliditu su-pizleak in fraganti harrapatzeko. Bidenabar, terrorismoaren kontrako polizia taldeak ustezko errudunak ari dira galdekatzen. Informazio zerbitzuak atxilotuen artean harremanik baden, eta, hortaz, lurra erretzeko kanpainaren parte diren frogatu nahi dute.

Demetris Karavellas Greziako WWF kontserbaziorako erakundeko buruzagiaren ustetan, suteek higiezinen espekulazioari mesede egiten diote. Baso lurrak suntsituta, eraikitzea debekatuta dagoen lurren eta eraikigarri direnen arteko mugak lausotu egiten dira. Basoen erregistroak eskasak direla-eta gertatzen dela hori uste du Karavellasek. «Izugarrizko presioa dago turismorako, garapen gero eta handiago lortzeko. Jasaten ari garen sute hauen ondorioz, gizarteak, gertatzen ari denaz konturatuta, presio politiko handiagoa egingo duela espero dut».



NAZIOARTEKO LAGUNTZA HANDIA. Suak mehatxatzen dituen herrietako bizilagunak toki seguruagoetara eramateko, helikoptero eta hegazkinak bidali dituzte. Errepide asko itxita daude, eta, horregatik, kanpoko laguntzarik gabe suak inguratuta eta herritik ezin irten geratu da jende andana. Hain zuzen, kanpotik, nazioartetik bidalitako laguntza ere handia da.

Hidrohegazkinak, helikopteroak eta suhiltzaileak igorri dituzte Europako hainbat herrialdek. 13 hegazkin bidali ditu, besteak beste, EB Europako Batasunak eremu hondatuenetara. Peloponeson bakarrik, 16 dira suak itzaltzen dabiltzan hidrohegazkinak. Ibilgailuak bai, baina baita soldadu eta suhiltzaileak ere. Guztiak beharko dituzte, hala ere.

Agintariek behar bezala jokatu ez dutela eta, gero eta gehiago dira Gobernua kritikatzen duten ahotsak. Pasibotasunez jokatzea leporatu diete askok eta askok. Egoerak gaina hartu diela eta, halako hondamendien aurrean Gobernuak erantzuteko gaitasun urria duela uste dute askok.



DIrusarIa

1.000.000

Informazioaren bila. Suteen atzean dauden gaizkileen gaineko informazioa lortzeko helburuarekin, Greziako Gobernuak milioi bat euroko dirusaria eskaini du. Iragan ostiraletik, suteak hasi zirenetik, gutxienez 32 pertsona atxilotu ditu Poliziak.





Bizilagunen esanetan, Olinpian gune historikoak jendea baino hobeto zaintzen ari dira agintariak

Gobernuak suari aurre egiteko baliabideak bereziki gune arkeologikora bideratu izanaz kexu dira herritarrak
juanma sarasola

Suaz inguratuta zeudela, Gobernuak Olinpiako eraikin historikoei hango bizilagunei baino arreta handiagoa eskaini izana salatu dute herritarrek. Olinpiak mila biztanle inguru ditu gaur egun, turismoari begira eta erabat horren menpe bizi direnak. Herenegun, suteen ondorioz zerutik errautsak erortzen zirelarik, herri mamua zirudien. Sua hurbiltzen ari zela, herritarrek ez zekiten nora jo, agintariek ez baitzuten argibiderik eskaini. Garrak eremu historikora iritsi ahala, armada hondar historikoak salbatzera agertu zen, baina herritarrek argibiderik gabe segitzen zuten. «Sua hona iristen bada, gureak egin du erabat. Hondar historikorik gabe ez dugu zer eginik», zioen Thaliak, turistentzat ogitartekoak saltzeaz bizi den 40 urteko atenastarrak. Herenegun eta atzo artean Olinpiako herritarrak ahal zuten moduan hanka egiten saiatu ziren. Batzuk norabide finkorik gabe. Horrek suaren bazka bihurtu zituen batzuk.

Olinpia Zaharreko eremu arkeologikoak 2.500 urte baino gehiago ditu. Antzinatean hantxe egiten zituzten Olinpiar Jokoak, eta hantxe daude, besteak beste, estadio zaharra eta Zeus jainkoari eskainitako tenplua, baita egungo museo arkeologikoa ere. Olinpiar Jokoak duela 2.800 urte hasi zituzten, eta Teodosio enperadore erromatarrak-Grezia menderatua zuen Erromak- K.a. 394. urtean debekatu zituen arte han egiten zituzten. Teodosioak adierazpen paganotzat jota galarazi zituen jokoak, eta 1896an Pierre de Coubertin baroiak berriz martxan jarri zituen. Egun, gar olinpikoak pizturik dirau Olinpian. Su handiago batek ez du irentsi, bai, ordea, inguruko hainbat soro, baso, etxe, herritar eta azienda.



URA SOILIK HARRIAK SALBATZEKO.Greziako Antena 1 katearen arabera, sua Olinpiako eremu arkeologikoaren ondo-ondotik igaro zen; Kronos mendi historikoa erre zuen, eta museo arkeologikoaren patiora hurbildu zen. Halarik ere, ureztatze artifizialerako sistemei esker, hura salbatu egin zen. Sistema hori 2004an ezarri zuten, Atenasko Olinpiar Jokoetarako.

Iturri ofizialen esanetan, Greziako armadak suebakiak egin ditu Olinpiako eremu arkeologikoaren inguruan, eta ureztatze artifizialerako sistema horiek martxan jarri ditu.

«Suhiltzaileek 14 ibilgailurekin eginiko lubaki gerrari esker Olinpia Zaharra salbatu ahal izan da», adierazi du Atenasko Suhiltzaileen Kudeaketa Zentroko eledun Nikos Diamantisek. Horri jarraiki, sei ur-hegazkin eta lau helikopterok 2.8100 tona ur bota dituzte Olinpia Zaharrera hurbildu zen sua itzaltzeko. «Suak zenbait ardandegi eta inguruko etxebizitza batzuk erre ditu», zehaztu du eledunak.



HERRITARRAK, ESTU ETA LARRI.«Zehazki ez dakigu zenbaterainoko kalteak dauden Olinpia inguruan, baina garrantzitsuena da museoa bere horretan dagoela eta eremu arkeologikoak ez duela inolako arazorik izango», azaldu du Kultura ministro George Voulgarakisek, Olinpiara eginiko bisitan.

Suhiltzaileen bozeramaile batek jakinarazi duenez, sei hegazkin, bi helikoptero, 15 suhiltzaile kamioi eta 45 suhiltzailek parte hartu dute gune historikoa sutatik babesteko eginahaletan.

Alabaina, gune historikoaren inguruko herri eta baso eremuek ez dute arreta eta tratu bera izan agintarien aldetik. Olinpiatik gertu, Pelopi herriko bizilagun bat estu eta larri mintzatu zaio telefonoz Greziako telebistari, ez dutelako baliabiderik eta laguntzarik suteei aurre egiteko. «Ez dugu urik, Jainkoaren eskuetan gaude. Mesedez, esan norbaiti sua geure eskuekin itzaltzen ari garela; ez dugu laguntzarik. Herria desagertu egingo da».

Larrialdi deiak ugariak izan dira egunotako suteen aurrean. Ildo horretan egin du laguntza eskaera Olinpia Zaharraren ondoko Oinoi herriko pertsona batek: «Elizako kanpaiak joka ari dira. Hau infernua da. Faborez, Jainkoaren izenean, non daude suhiltzaileak? Non dago laguntza?».

Suaren garrak nola, hala zabaltzen ari dira larritasuna eta haserrea. «Duintasuna balute, politikari guztiek dimisioa eman beharko lukete. Ez dago estaturik, eta haiek ez dute beren lana egin», kexu da Hariako herritar bat.

Olinpiako bizilagun batek ironia erabili du Gobernua kritikatzeko: «Grezia zaharrak zibilizazioa ekarri zion munduari eta Grezia modernoak suntsipena dakar».





«Garrantzitsuena da museoa bere horretan dela eta eremu arkeologikoak ez duela arazorik izango»

george voulgarakis
Greziako kultura ministroa
«Elizako kanpaiak joka ari dira. Hau infernua da. Non daude suhiltzaileak? Non dago laguntza?»

OLINPIA ONDOKO OINOI HERRIKO BIZILAGUN BAT
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.