GROENLANDIA. AUTODETERMINAZIO ERREFERENDUMA. Independentzia, pauso bat gertuago

Astearteko galdeketan baiezkoa nagusituz gero, soilik segurtasunari eta atzerri politikari buruz erabakiko du Kopenhagek

arantxa elizegi egilegor
2008ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
«Ez dugu daniarren antzik, ez dugu haiek bezala pentsatzen, eta ez gara daniarrak», dio Aleqa Hammondek. 43 urte ditu, eta Groenlandiako Atzerri eta Finantza ministroa da. Ez da hala pentsatzen duen bakarra, munduko uharterik handienean, herritarren %75 dira independentziaren aldekoak. Ez dute jarraitu nahi 4.000 kilometrora dagoen gobernu baten menpe. Horiek hala, pentsatzekoa da datorren asteartean egitekoa duten autodeterminazio erreferendumean baiezkoak erraz irabaziko duela. Hala balitz, Justizia eta Poliziaren gaineko erabakiak Godthabek-Nuuk groenlandieraz- hartuko lituzke aurrerantzean, eta soilik segurtasuna eta atzerri politika geratuko lirateke Kopenhageren esku. Bide beretik, natur baliabideetatik lortutako irabaziakuhartean (56.000 biztanle) geratuko lirateke. Kontuan izanda uharteko ur izoztuen azpian 110.000 milioi tona petrolio egon daitezkeela, ez da harritzekoa Danimarkarekiko negoziazioek luze jo izana.

Godthab eta Kopenhageko ordezkariek hitzartutako itunaren arabera, Groenlandia independente izan daiteke herritarrek erreferendumean hala erabakitzen badute. Bi milioi kilometro karratuko uharte horretan, ordea, natur baliabide asko daude, ez bakarrik petrolioa, baita zinka eta urrea ere. Europako Batasunak berak aste honetan bertan hitzartu du Artikoko hidrokarburoak ustiatzeko lehen akordioa. Ituna sinatu dutenen artean daudeDanimarka, Finlandia eta Suedia. Gaur egun, Danimarkaren menpeko lurraldea da Groenlandia, baina ez da EBko kide. Hala, etorkizun batean subiranotasuna lortuz gero, Europak ere aliatu garrantzitsua galduko luke, klima aldaketaren eraginez uharteko izotza urtuz joango delako, bertako natur baliabideak ustiatzea erraztuz.

Groenlandiako Gobernu ordezkari Mininnguaq Kleisten esanetan, natur baliabideetatik lortutako irabaziek mila milioi euroko sarrerak gainditzen dituztenean, uharteak bere independentzia «erosi» ahal izango du. «Petrolioa ustiatzen hasten garenean, Danimarkak ez du jada guregan aginduko». Arazoa da, baina, inork ez dakiela hori noiz gertatuko den.

Gizarte arazoak

Groenlandia munduko uharterik handiena den arren, zati handiena izoztuta dago, eta 57.000 lagun soilik bizi dira bertan, %90 inuitak. Azken urteetan, Danimarkako gobernuek indigenen aldeko hainbat erabaki hartu dituzte, haien onespena irabazteko asmoz. Baina ez dute lortu, Groenlandiaren Autodeterminaziorako Batzordeak argi dioen gisan: «Danimarkak indigenen eskubideak jarri ditu autodeterminazio eskubidearen gainetik, Groenlandiaren subiranotasuna trabatzeko asmoz. Baina herri gisa gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugu».

Siumut alderdia dago Gobernuan, eta hitzeman du indigenen eskubideak bermatuko dituela, baina baita ohartarazi ere herriaren eskubideak egongo direla ororen gainetik. «Indigenen eskubideak bermatzea Gobernuaren eginbeharra da; indigenen eskubideak gutxiengoenen antzekoak dira, baina zabalagoak. Hala ere, herriaren eskubideak izango dira beste ororen gainetik».

Herri horrek berak, ordea, arazo larriak ditu azken urteetan. Mendebaldean ez bezala, uhartearen ekialdeko egoerak okerrera egin du. Sexu gehiegikeriako salaketak, alkoholismo kasuak eta bere buruaz beste egiten dutenenak ugaritu egin dira. Duela bi urte 58 lagunek hil zuten beren burua, horietatik %20 15 eta 16 urte bitarteko neskak izan ziren. Adituen arabera, ekialdeko langabezia arazoen ondorioa da egoera. Izan ere, uhartearen mendebaldea da ekonomikoki garatzen ari dena; ekialdean, aldiz, nerabeen %70ek ez dituzte oinarrizko ikasketak amaitzen.

Dena den, groenlandiarrek itxaropentsu begiratzen diote etorkizunari, galdeketan baiezkoa nagusitzen bada urrats bat gertuago izango dutelako independentzia. «Subiranotasuna uste baino lehenago helduko zaigu», dio Hammondek.



Ez dugu daniarren antzik, ez dugu haiek bezala pentsatzen;ez gara daniarrak»

Aleqa Hammond
Groenlandiako Atzerri ministroa
«Petrolioa ustiatzen hasten garenean, Danimarkak ez du jada guregan aginduko»

Mininnguaq Kleist
Groenlandiako Gobernuko ordezkaria




Uhartea burujabe egin dezakeen agintaria

Hansk Enoksen (Godthab, 1965) 2002ko abenduaren 14an aukeratu zuten Groenlandiako lehen ministro. Haren alderdiak botoen %28 eskuratu zituen, aurreko hauteskundeetan baino %7 gutxiago; irabazteko nahikoa, hala ere. Aurretik Arrantza eta Ehiza ministroa eta legebiltzarkidea izan zen.





Greenland, herrialde baten neurriko izotz puska berdea

Erik Gorria norvegiarrak izotz masa erraldoia topatu zuen 982. urtean. Aurkikuntza erakargarriago egiteko, Greenland -lurralde berdea, ingelesez- izenarekin bataiatu zuen. Hala konbentzitu zituen lehen bizilagunak; 986an iritsi ziren. Klima aldaketa dela eta, berdetzekotan dago %95 izoztuta daukan lurralde hori.





430

Danimarkaren diru laguntza. Danimarkak 430 milioi euro bideratzen ditu urteko Groenlandiara. Diru sarrera hori da, arrantzaren aurretik, groenlandiarren sostengua. Galdeketan baietza ateraz gero, urtez urte gutxituko diote laguntza, eta petrolioa izango dute sostengu.





Jaioterrira itzultzeko eskubidea, irauteko berme

AEB Ameriketako Estatu Batuek base militar bat daukate Thulen. Dituztenen artean estrategikoena, hain zuzen. Hala hitzartu zuten Danimarkako Gobernuarekin, 1953an. Baina itun hori dela medio, inuit arrantzale talde batek bere bizitokia laga behar izan zuen. Horretara behartu zituzten, hobeto esanda. Gaur egun, 900 bat lagun iparralderago bizi dira, Qaannaaqen. Izotza ugari da han, eta ehiza eskasago. Horiek hala, hamar eta hogei urte bitartean mundua indigena komunitate hori gabe gera liteke. Horrenbestez, jaioterrira itzultzeko eskubidea aldarrikatzen du taldeak. Azken saioa Estrasburgon egin zuten, Giza Eskubideen Europako Auzitegian, 2004ko maiatzaren 25ean. Zain daude oraindik.





Per Rosing-Petersen Siumut alderdiko diputatua
Itxaropentsu dago Gobernuan dagoen alderdiko diputatua, ez du zalantzarik asteartetik aurrera groenlandiarrak herri gisa onartuak izango direla nazioarteko komunitatean.

«Independentzia, xedea baino gehiago, nahi duguna lortzeko baliabidea da»

A. Elizegi

Datorren urtean 30 urte beteko dira Groenlandiak autonomia lortu zuenetik. Horiek hala, groenlandiarrak urrats bat gehiago egiteko prest dira, eta asteartean autodeterminazio erreferenduma egingo dute. Per Rosing-Petersenek (Ilulissat, 1961) ez du zalantzarik: «Independentzia behar dugu. Hori lortuko ez bagenu, hondamendia izango litzateke».

Zergatik erabaki duzue orain egitea erreferenduma?

Autonomia 1979an lortu genuen, eta datorren urtean 30 urte beteko dira. Danimarkako Parlamentuan eskariak egiten zituen batzorde hutsa izatetik erabakiak hartzera pasatu gara. Hurrengo urratsa egitea geratzen zaigu, mugitu egin behar dugu. Gure kultura, gure hizkuntza eta gure izaera dugu, danimarkarretatik desberdina. Guztiek dute independente izateko eskubidea, baita zuek Euskal Herrian ere, eta guk amets hori epe motzean egia bilakatzeko aukera dugu. Herri gisa onartuak izango gara NBEn.

Baina herritarrek independentzia aukeratzen ez badute...?

Hondamendia izango litzateke. Halako aukera bat aurrean izanda, alegia, zure hizkuntza, kultura eta herria zuk nahi duzu bezala garatzeko aukera izanda, zure interesen alde lan egiteko aukera, 4.000 kilometrora dagoen Parlamentuaren aurrean azalpenak eman beharrik gabe, hondamendia litzateke ezetz esatea.

Danimarkak onartuko du? Harentzat galera handia litzateke, Groenlandiako baliabideak galtzea.

Lau urteko negoziazioen ostean, gehienek onartu dute autodeterminazio erreferenduma egitea. Soilik gutxiengoan diren eskuin muturreko nazionalistek esan diote ezetz. Horiek diote orain arteko akatsik handiena dela gure baliabideak galtzea. Baina hori da aurrera egiteko gure arrazoi nagusia. Petrolioa aurkitu genuenean, eta gure meategiak ustiatzen hasi ginenean, zaildu egin ziren Danimarkarekiko negoziazioak. Independentziaren alde egiten badugu, esan nahiko du ez dugula Kopenhageren baimenik beharko aurrera egiteko.

Zer gertatuko da AEBek Thulen duten base militarrarekin?

Erabaki hori asteartetik aurrera hartu beharrekoetako bat izango da. Danimarkaren mesedetan hartutako Kopenhageren erabakietako bat da hori. Horregatik diot independentzia xedea baino gehiago nahi duguna lortzeko baliabidea dela.

Uste duzu Godthabek basea desegin beharko lukeela?

Thuleko herritarrek jarritako salaketa oraindik Europako Giza Eskubideen Auzitegietan da. Base militarra han jartzeko erabakiak, ordea, ez die kalte egin Thuleko herritarrei bakarrik, groenlandiar guztiei baizik. Base militarra dela-eta orain arte egin den guztia, AEBekin lortutako akordio oro, Danimarkaren mesedetan izan da, soilik Danimarkaren mesedetan.

Hala ere, Groenlandiak diru laguntza handia jasotzen du egun Danimarkatik, zehazki 430 milioi euro. Gai izango al da Godthab aurrera egiteko laguntza hori gabe?

Egia da Kopenhagek bere aurrekontuaren zati handi bat uzten duela gure esku, baina aldi berean, horrek menpekotasuna ere eragiten du. 430 milioi euroko aurrekontua izugarria da 56.000 laguneko herri batentzat. Diru hori guk nahi bezala erabiltzeko askatasuna izango bagenu, independenteago ginateke. Oztopoak gainditu beharko ditugu, baina ziur naiz lortuko dugula. Hasierako urteak zailak izango dira, horretan ez dut zalantzarik, baina mendeetan aurrera egin ahal izan dugu Danimarkaren inolako laguntzarik gabe.

ICC Inuiten Zirkulu Artikoko Batzordeko kidea ere bazara. Zein da inuiten egoera?

Artikoko indigenen giza eskubideak bermatzea da gehienbatICCren helburua, eta horretan ari gara lanean. Batzordea sortu zenetik urrats handiak egin ditugu. Horietako bat da NBE Nazio Batuen Erakundeko kide bilakatzea. Datorren asteko bozak irabazten baditugu, gure ahotsa ozenago entzungo da, indigena gisa ez ezik herri gisa ere onartuko gaituztelako.

Zeintzuk dira Gobernuaren lehentasunak aurrerantzean?

Eginbeharrak asko izango dira, baina lehenengo hartu beharreko erabakia petrolioari eta meategiei buruzkoa izango da. Gure aurrekontuaren zati handi bat hortik etorriko da, eta, beraz, kontu handiz aztertu behar ditugu erabakiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.