Groenlandia Danimarkako Erresumako lurralde autonomoan legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dituzte martxoaren 12an, gaur iragarri dutenez, eta eremuaren ahalmen ekonomikoa handitzeko gaiak garrantzia izango du. “Munta handiko legea” onartu berri du Groenlandiako Legebiltzarrak, lurraldera eskulanak egitera kanpoko jendea eraman ahal izateko, horrek onura sortuko diolakoan.
Herrialdearen aberastasuna handitzea funtsezkoa du biharko egunean bere buruaren jabe izateko. Orain legea Danimarkako Gobernuak onartzea behar dute.
Duela lau urteko bozak egin aurretik estatutu berri baten aldeko erreferenduma egin, eta herritarren %75ek aldeko botoa eman zuten Groenlandian. Independentziari ateak parez pare zabaldu zizkioten.
Estatutu horretan Danimarkak eskumen gehiago aitortu zizkion, baita autodeterminazio eskubidea ere. Baina jakinarazi zuten Groenlandiak independentzia lortu ahal izateko onura handiak lortu beharko lituzkeela lurrazpiko errekurtsoetatik.
Adituek diote lurraldean mineralgune handiak dituztela; petroleo guneak ere badauzkate. Horren harira, Groenlandiako agintariek duela gutxi adierazi dute bi proiektu ekonomiko handi onartuko dituztela aurten.
Independentzia lortzeko bidean lehen urratsak egindakoak Siumut alderdi sozialdemokratako kideak izan ziren. Haiek sustatu zuen abertzaletasuna Groenlandian, 70eko hamarkadan. 30 urtean sozialdemokratek agindu ondoren, 2009ko hauteskundeak Inuit Ataqatigiit ezkerreko alderdi abertzaleak irabazi zituen, botoen %43,7 eskuratuta.