Guantanamo eredua garaile

Presondegia ixteko promesarekin iritsi zen Barack Obama Etxe Zurira, baina kontrakoa egin du: epaiketa militarrak ezarri, «terroristen» atxiloketa militarrak onartu eta atzerriko zentroei eutsi.

Jon Fernandez.
2012ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Guantanamoko presondegia ixteko promesa hausteaz gain, «Guantanamo eredua» bermatu eta hedatu du Barack Obamak. Defentsa arloan bere aurrekari George Bushengandik hain urruti ez dagoela erakutsi duAEBetako presidenteak. Gaur hamar urte zabaldu zituen ateak Guantanamoko presondegiak, terrorearen kontrako gerra-n atxilotutakoak sartzeko. Al-Qaedak New Yorkeko dorre bikiei eraso zien 2001eko irailean, eta hilabete baino lehen Afganistan inbaditzeari ekin zion Washingtonek, erantzun gisa. Han atxilotutakoak dira, hain zuzen, Guantanamoko preso gehienak. Osama bin Laden —terrorea-ren aitatzat jotakoa— hil ondoren neurri antiterroristak ahulduko zituztela iragarri zuten, baina kontrakoa gertatu da.

2011ko azken egunean, Hawaii jaioterrian oporretan zela, Defentsa Nazionalerako Baimen Legea sinatu zuen Obamak. Besteak beste, «terrorismoaren kontra» egiteko ahalmen gehiago aitortzen dizkio Etxe Zuriari, eta «terrorista susmagarriei» mugagabeko atxiloaldiak ezartzeko eskumena armadari, susmagarria atzerritarra zein estatubatuarra izan. Gainera, 2012an epaiketak egiteko presoak Guantanamotik AEBetara bidaltzea debekatzen du legeak, eta legealdia amaitu aurretik Kubako presondegia ixteko Obamaren promesa ezinezko bihurtzen du.

«Bushen garaian Guantanamon gertatu zena lege hau izan gabe gertatu zen», azaldu dio Christopher Anders ACLU Askatasun Zibilen Aldeko Amerikako Batasuna elkarteko abokatuak BBCri. «Munduko hainbat lekutan atxilotu zuten jendea; basera eraman, eta epaiketarik egin gabe atxilotu zituzten. Lege honek duen arriskurik handiena da Guantanamon gertatzen dena instituzionaliza dezakeela AEBetan».

Legea sinatu eta berehala, ez datorrela harekin bat azaldu du Obamak. «Testua bere osotasunean onartu arren, ez du esan nahi ados nagoenik legeak dioen guztiarekin. Sinatu egin dut, baina zalantza handiak ditut terrorista susmagarriak atxilotzea, galdekatzea eta akusatzea ahalbidetzen duen legearen hainbat artikulurekin». Hala ere, sinatu egin du.

Auzitegi militarren itzulera

Lege hori, nolanahi ere, ez da salbuespena AEBetako legedian. Irailaren 11ko atentatuen ostean onartutako Lege Aberkoiak jada ohikoa baino kontrol ahalmen handiagoa aitortzen zion estatuari «terrorismoari aurre egiteko». Hau da, estatubatuarrek zenbait berme konstituzional sakrifikatu behar dituzte euren segurtasuna bermatzeko. Argudio horixe nagusitu zen duela hamar urte, eta oraindik ere bere horretan dirau.

Presidentetzarako hautagai zenean emandako hitza zatika-zatika jan du Obamak. Iragan abuztu hasieran, esaterako, Etxe Zurira iritsi berritan eten zituen epaiketa militarrak berrabiarazi zituen Guantanamon. «Terroristak justiziaren aurrera eramateko, gure ekintzei ikuskaritza esparru bat emateko eta atxilotuak modu duinean tratatzen ditugula ziurtatzeko» hartu zuen neurria presidenteak. «AEBetako justizia sistema zati erabakigarria da Al-Qaedaren eta haren lagunen kontrako gerrarako daukagun armategian».

Guantanamoko presoak berriz ere justizia militarraren esku laga arren, aurrerapausoak egin zituela berretsi zuen Obamak: aurrerantzean ez dira onartuko torturapean lortutakoaitorpenak, eta presoek euren kontrako karguak eta frogak zeintzuk diren jakiteko eskubidea izango dute, orain artean ez bezala.

«Guantanamo eredua» AEBetara hedatu eta hango presoak berriz ere auzitegi militarretara bideratuta ere, epe luzean Kubako presondegia ixteko nahiari eusten diola adierazi du Etxe Zuriak behin eta berriz. «Presidenteak Guantanamo ixteko asmoa du, gure balioekin bat ez datorren zentro bat delako eta gure segurtasunerako ez delako oso positiboa. Segurtasun nazionaleko hainbat adituk eta hainbat komandantek, gainera, bat egiten dute Guantanamo zabalik egoteak epe luzera Al-Qaedari mesede egiten diola: erakundera erradikal gehiago biltzen ditu. Obamaren konpromisoak bere horretan segitzen du».

Beste Guantanamoak

Egia da Obamak hiru oztopo handi izan dituela Guantanamo ixteko. Batetik, atzerriko herrialde askok uko egin diote hango presoak hartzeari; bestetik, AEBetako estatuek ere ez dituzte onartu; eta, azkenik, kode zibilak zalantza ugari agertu ditu Guantanamoko presoak epaitzeko moduaren inguruan. Baina ez dira oztopoak izan presondegia ez ixteko arrazoi bakarrak. Izan ere, hango eredua baliagarri zaio Obamari atzerrian, munduko zenbait bazterretan dituen espetxeetan. Bere mugetatik kanpo 2.800 lagun ditu preso Washingtonek kontrako inolako kargurik eta epaiketarik egin gabe, Human Rights Firsten arabera. Erakundeak salatu du azken hamar urteetan AEBek atzerrian dituzten kartzela militarrak ugaritu egin direla eta mugagabeko atxiloaldia hedatu dutela. Obamak, berriz, Bagramen (Afganistan) 2.000 lagun inguru sartzeko adinako kartzela bat eraikitzeari ekin dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.