AEB

Guantanamo ixteko plana aurkeztuko dio Pentagonoak Kongresuari

Aske gera daitezkeen presoak beste herrialde batzuetara bidaltzeko asmoa jaso dute, eta gainerakoak AEBetako espetxeetan sartzekoa.

2016ko otsailaren 23a
13:37
Entzun

AEBetako Defentsaren baimena duten presoen kasuan, beste herrialde batzuetara bidaliko dituzte, han aske uzteko, eta preso jarraitu behar dutenak AEBetako segurtasun bereziko espetxeetara eramateko proposamena egingo dute; besteak beste, Coloradora, non Ramzi Jusef dagoen, Dorre Bikien erasoak prestatzeaz epaitua dagoen presoa. Honela esan du Obamak: "Guantanamo itxita, AEBen historiako kapitulu bat itxiko da".

Guantanamo ixteko proposamena egiteko azken eguna zuen gaur Etxe Zuriak. Kongresuan ez da ixtearen aldeko jarrerarik espero, hala ere. Barack Obama AEBetako presidenteak duela zazpi urte Guantanamo itxiko zuela agindu bazuen ere, beti aurkitu du jarrera itxia errepublikanoengandik Ordezkarien Ganberan, eta errepublikanoek gehiengoa dute. Haien argudioa da presook aske utziz gero EI Estatu Islamikoarekin bat egingo dutela.

Haiei aurre egiteko argudioak eman ditu Peter Cook Pentagonoko bozeramaileak: "Plan honekin segurtasun nazionala hobetuko da, terroristei propagandarako sinbolo bat kenduko diegulako; terrorismoaren kontra egiteko, aliatuekin harremanak hobetuko ditugu; eta kostuak gutxituko ditugu".

Obamarentzat, ez da beharrezkoa presondegia, nazioaren egoerari buruzko azken eztabaidan berretsi zuenez: «Lanean jarraituko dut Guantanamo ixteko. Garestia da, alferrikakoa, eta panfleto bat gure etsaiak errekrutatzeko». Izan ere, gaur egun 2.000 pertsonak baino gehiagok zaintzen dituzte bertako presoak, eta oso garestia ateratzen zaie presoak epaitzeko propio sortutako justizia sistema. 779 preso ere izan zituzten, baina gaur egun 91 daude. Gaur aurkeztutako planarekin, 335 milioi dolar aurreztuko dituzte 10 urtean, Peter Cook Pentagonoko bozeramaileak jakinarazi duenez.

George W. Bush presidente ohiak utzitako legatua da Kubako presondegia, eta Obamak 2008ko hauteskunde kanpainan hitzeman zuen itxi egingo zuela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.