Guantanamoko basea itxi eta presoak epaitzeko asmoa berretsi du Bushek

Base militarrean atxilotuta dauden presoak «odol hotzean aritzen diren hiltzaileak» direla esan du

2006ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuek Guantanamon -Kubako uhartea- duten base militarra itxi nahi duela adierazi zuen atzo, beste behin, George Bush presidenteak. Base militarrean gaur egun giltzapetutadauden preso batzuk «odol hotzean aritzen diren hiltzaileak» direla eta hartara epaitu behar direla adierazi zuen Bushek. AEBetan edo presoen jatorrizko herrialdeetan egin behar da epaiketa bere ustez. AEBetako Auzitegi Gorenak erabaki beharko du orain epaiketak auzitegi militarretan edo auzitegi zibiletan egin behar diren.

Vienan (Austria) egin zituen adierazpenak Bushek. Ameriketako Estatu Batuen eta Europako Batasunaren arteko goi bilera egin zuten atzo. Wolfgang Schussel EBko presidentetza daraman Austriako kantzilerrarekin bateraegin zuen prentsaurrekoa Bushek. Guantanamoko auzia izan zen goi bileraren ardatza. EBko agintariek base militarrak nazioarteko araudi guztiak urratzen dituela eta lehenbailehen ixteko eskatu zioten Bushi. Presidenteak «europarren kezkak» ondo ulertzen dituela adierazi zuen: «Guantanamoko basea itxi nahi nuke itxi eta auzi guzti hau atzean utzi».

AEBetako presidenteak hauxe gaineratu zuen kazetarien aurrean egindako agerraldian: «EBko agintariei azaldu diet basean dauden gehienak euren jatorrizko herrialdetara nahi ditugula bidali, han bertan, halabeharrez, epaituak izan daitezen». Bushek zehaztu zuen elkarrizketak abiatu dituztela basean dauden presoen jatorrizko herrialdeetako agintariekin, estradizio prozesuen inguruan adosteko xedez. Alabaina, euren herrialdetara bidaliko liratekeen presoen inguruan bermerik lortu ezean, ez dituztela joaten utziko zehaztu zuen: «Gure nahia daetxeratu egin daitezen eta, halabeharrez, euren herrialdeetan epaitu ditzaten; zenbait, haatik, AEBetan epaituak izango dira».

Guantanamon dauden artean «odol hotzez hil duten» presoak daudela adierazi zuen Bushek: «Askatuko balira, berehala hilketak egingo lituzkete; ez dugu irten utziko odola isuraraziko duen jendea». Auzitegi Gorenak erabaki beharko du, presidentearen arabera, preso hauek auzitegi militarretan edo zibiletan epaituko dituzten. AEBetako Gobernuak epaitegi militarren aukera hobesten du, baina giza eskubideen elkarteek aukera hori gaitzetsi dute eta epaiketak auzitegi zibiletan egitea aldarrikatu dute.



IRANEN AUZIA.Guantanamoko auziaz gain, bestelako gaiak izan zituzten hizpide Vienan. Iranen auzia tartean. Teherani nazioarteko potentziek egindako eskaintzari oraindik erantzun ez izana leporatu zion Bushek. Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrek-AEB, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia eta Txina-eta hauekin batera auzi honi konponbide bilatzen ari den Alemaniak joan den ekainaren 6an egin zioten eskaintza Irani. Ekonomia alorreko eta teknologia alorreko lankidetza proposamenak egin zizkioten uranioa aberasteko prozesua bertan behera uztearen truke. Teheranek harrera aski ona egin dio orain arte eskaintzari baina ez du erantzun zehatzik eman. Mahmud Ahmadinejad presidenteak atzo jakinarazi zuenez, beranduenez, datorren abuztuaren 22rako emango dute erantzuna.

Bushek «guztiz zintzoa eta onargarria den proposamen bati erantzuteko» ez dela hainbeste denbora behar salatu zuen. Iranek uranioa aberasteko prozesua bertan behera uzten duenean negoziazioetan parte hartzeko borondatea agertu zuen Bushek. AEBek eta EBk auzi horretan iritzi berdinekoak direla ziurtatu zuen.



Guantanamon hilik aurkitu zituztenen gorpuak organorik gabe daude

erredakzioa

Guantanamoko base militarrean joan den ekainaren 10ean hilik aurkitu zituzten hiru presoetako biren senideek haien gorpuak jasotzeari uko egin diote. Saudi Arabiako Manie Bin Shaman al Utaibi eta Jasser Al Zahraniren aitek euren semeen gorpuetan hainbat organo falta direla salatu dute, hain zuzen ere, garuna, bihotza, gibela eta giltzurrunak dira gorpuei falta zaizkien organoak. «Organo hauek, ziur aski, heriotzaren benetako kausak ezkutatzeko kendu dizkiete». Horixe adierazi zuen Manie Bin Shaman al Utaibiren aita Mohamad al Utaibik. Arabiar Emirerri Batuetako Gulf News egunkariak atzo argitara eman zuen elkarrizketan egin zuen salaketa. Guantanamon hildakoaren aitak zehaztu zuen sendiak uko egingo diola gorpua jasotzeari, honen heriotzaren benetako kausak argitu bitartean. Ameriketako Estatu Batuetako auzitegietako medikuek egin dituzte orain arte autopsiak eta hilik aurkitutakoen sendiek exijitzen dute aditu neutralek berriz egin ditzaten.

Jasser al Zahraniren aita Talal Abdulla al Zahranik ere jakinarazi du bere semearen gorpua jasotzeari uko egiten diola. Saudi Arabiako agintariek agindu duten autopsiaren emaitzen berri izan arte behintzat egingo dio uko gorpua jasotzeari. Talal Abdulla al Zahranik ziurtatu zuen bere semearen gorpuak kolpe zantzuak zituela eta horiek pentsarazten diotela urkatu egin zutela eta ez zuela, beraz, bere buruaz beste egin.



GUANTANAMONHILDAKO AURRENEKOAK. Saudi Arabiako Manie Bin Shaman al Utaibi eta Jasser al Zahrani eta Yemengo Ali Abdula Ahmed hilik aurkitu zituzten joan den ekainaren 10ean Guantanamon. Washingtonek adierazi zuenez hiru presoek euren buruaz beste egin zuten euren ziegetan. Guantanamoko base militarra 2002. urtean ireki zutenetik bertan izandako aurreneko heriotzak izan dira.

Presondegi honetan gaur egun giltzapetuta geratzen diren 460 lagunetatik gehienak Afganistanen 2001. urtearen amaieratik eta Iranen 2003. urteko martxoaz geroztik atxilotuak izan dira. AEBetako Gobernuak ez die gerra preso estatutua onartzen eta, ondorioz, ez diete Genevako Itunak bermatzen dituen babesak aplikatzen. Gainera, preso hauek nazioarteko justizia arau guztietatik kanpo atxilotuak izan dira eta hauetatik hamar bat baino ez dituzte auzipetu orain arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.