Kuba

Guantanamoko espetxean gose greban dauden presoak indarrez elikatzen dituztela salatu dute

Estatu Batuetako Armadaren Guantanamoko (Kuba) base militarreko espetxeko agintariek indarrez elikatzen dituzte gose greban dauden presoak. Hilabeteak daramatzate presoek greban eta agintariek amaitu egin nahi dute gose grebarekin. New York Times egunkariak jakinarazi duenez, sudurretik elikatzen dituzte aulkietan lotuta dituzten bitartean. Egunkariaren arabera, espetxeko funtzionarioek eta hainbat presoren abokatuek salatu dute gose greba uzteko presioa egiten dietela.

2006ko otsailaren 9a
13:14
Entzun
New York Times egunkariak "funtzionario estatubatuarren" eta hainbat presoren abokatuen baieztapenak biltzen ditu. Adierazpen horien arabera, gose greban dauden presoak presio jasaten ari dira euren protestaldia bertan behera utzi dezaten.

Guantanamoko espetxeko bozeramaile Jeremy Martin koronelak atzo adierazi zuenez, joan den irailean gose greban zeuden 131 presoetatik (agintarien datuen arabera) lauk bakarrik jarraitzen greban. Guantanamon 500 preso daude. Martin koronelaren hitzetan, gose greba "Al Kaedaren taktika bat" da hedabideen arreta bereganatzeko.

Adierazpen horien aurrean, baina, Thomas Wilner abokatuek honakoa salatu zuen New York Times egunkariari egindako adierazpenetan: "Argi dago gobernuak amaiera eman diola gose grebari modu basati eta ankerrenak erabiliz. Lotsagarria da". Wilner Guantanamon preso dauden sei kuwaitarren abokatua da eta joan den astean joan zen haiek bisitatzera.

Egunkari estatubatuarrak dioenez, Wilnerrek eta beste hainbat presoren abokatuek salatu dute greban dauden presoei euren mantak, liburuak eta bestelako "luxuak" kendu dizkietela eta ziega izoztuetan sartu dituztela. Era berean, abokatuek gogor kritikatu dute espetxeko arduradunek erabiltzen duten indarkeria. Egunkariak dioenez, elikagai sondak indarrez sartzen eta kentzen dizkietela salatu dute abokatuek. Hilabeteak daramatzate gose greban dauden presoak indarrez elikatzen baina New York Timesen arabera, azken asteetan aulkietara lotuta izaten dituzte ordu luzez; ziegetara itzuli eta botaka egiteko aukera izan ez dezaten.

Egunkari estatubatuarrak aipatzen dituen funtzionario eta abokatuek azaldu dutenez, duela sei hilabete baino gehiago gose greba hasi zutenean, 2001ean ezarri zitzaien atxiloketa mugagabearen aurka protesta egitea zen helburua. Duela gutxi, baina, espetxean jasan behar dituzten baldintza zehatzen aurka hasi dira protesta egiten.

Amnesty International (AI) giza eskubideen defentsarako erakundeak eta beste hainbat erakundek sarritan gaitzetsi dute Guantanamon burutzen den atxiloketa mugagabea. Erakunde hauen ustetan, ustezko "terrorista" horiek (gehienak Afganistanen hartu zituzten preso) ez dituzte lege berme egokiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.