AEB

Guantanamoko presoen kontrako epaiketak lau hilabetez eteteko agindu du Obamak

AEBetako presidente kargua hartu ondorengo lehen aginduetako bat da. Gaur Defentsa idazkariarekin eta armadako Estatu Goreneko buruarekin Iraketik tropak bizkorrago ateratzeko aukera aztertuko du.

2009ko urtarrilaren 21a
10:31
Entzun
AEBetako presidente karguaren zina egin eta biharamunera, Barack Obama lehen aginduak ematen hasi zaizkio bere menpekoei. Horietan lehena Guantanamoko baseari dagokio. AEBek Kubari okupatutako lurretan eraikitako presondegia itxiko zuela agindu zuen hauteskunde kanpainan, eta xede horretan eman ditu lehen urratsak. Han preso daudenen kontrako epaiketa militarrak lau hilabetez bertan beheiti uzteko agindu du presidente berriak.

Zentzu horretan, bart Guantanamoko presoen kasuak daramatzaten AEBetako Fiskaltza Militarreko epaileek eskaera formala aurkeztu zuten, Obamaren agindu bat betez. Presondegiak eta AEBetako agintariek kritika gogorrak jaso dituzte urteotan giza eskubideen aldeko taldeen aldetik, han presoak torturatzen eta kasu askotan kargurik gabe atxikitzen dituztela salatuta.

Hala ere, presoen abokatuek orain jakinarazi dute epaiketak bertan behera uzteaz harago joan beharra dagoela, hots, kasuak artxibatu egin behar dituztela.

Bestalde, Iraketik AEBetako tropak bizkorrago ateratzeko aukera aztertuko du gaur Obamak gaur Defentsa idazkari Robert Gatesekin eta armadako Estatu Goreneko buru Mike Mullenekin. Obamaren asmoa edo behintzat hauteskunde kanpainan agindu zuena soldadu estatubatuarrak Iraketik datozen 16 hilabeteetan erretiratzea da. Gates eta Mullenekiko bileran, halaber, Afganistango egoera aztertuko du. Litekeena da hara tropa estatubatuar gehiago bidaltzea, ekintzaile talibanek okupazio indarren kontra gogor diharduten honetan. AEBetako armadak 142.000 soldadu ditu egun Iraken, eta beste 33.000 Afganistanen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.