Nazionalismoa Kanaria Uharteetan

Guantxeen herria, bizirik

Independentismoa 1960ko hamarkadan egituratu zen Kanarietan, eta hurrengoan loratu. Ez du inoiz lortu, ordea, mugimendu bateratu eta indartsua sortzea. Hala ere, artxipelagoaren bereizgarri garrantzitsua da egun.

mikel rodriguez
2012ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Kanarietako artxipelagoko jatorrizko biztanleak ziren guantxeak, Afrikako iparraldeko berbereekin lotutako herria. Espainiako historiografiak betidanik zabaldutako ustea da guantxeak desagertu egin zirela Gaztelak artxipelagoa konkistatu zuenean, XV. mendean, baina azkenaldiko urteetan interpretazio hori zalantzan paratu dute Kanarietan. «Gauza anitzen arteko nahasketa bat gara, eta guantxe elementua, beti baztertuta egon den arren, hor egon da, hor dago, eta 1970eko hamarkadako iraultza kulturalari esker hor izanen dugu beti», dio Zebensui Lopez Trujillo historialariak. Bertzeak bertze, guantxeen kultura eta izaera biziberritu duen faktore erabakigarria izan da Kanaria Uharteetako nazionalismoa.

Nazionalismoa eta Kanaria Uharteen historia dira Lopez Trujilloren espezialitateak, eta, horren ondorioz, bere herriko nazionalismoa bereziki ikertu du. Hain zuzen, dio ezagutzen dituen mugimendu nazionalisten artean Kanarietakoa dela «konplexuenetakoa». «Nahiko lurralde txikia da, eta bi milioi biztanle inguru baino ez ditu. Baina existitu diren sigla kopurua, banaketa ideologikoak, eta nazionalismoaren inguruko printzipioak eta jarrerak pila izugarria izan dira».

Kanaria Uharteetako nazionalismoan bi adar ideologiko nagusi daudela azaldu du Lopez Trujillok: bata, autonomista, «kasu batzuetan subiranista ere izan daitekeena, baina Espainiako Estatuarekin eteteko asmo argirik ez duena». Europeista da, eta sektore kontserbadoreekin du lotura. Bertzea, berriz, adar aurrerakoiagoa da, ezkerrarekin eta afrikanismoarekin lotutakoa. Eta Afrikarekiko lotura ez du soilik kultura arlotik aldarrikatzen, «Kanariak Afrikaren zati osagarria direla baitio, eta artxipelagoaren etorkizun independentea Afrikako testuinguru politikora, ekonomikora, kulturalera, eta abarrera lotzeko helburua du».

Hauteskundeetako emaitzei begiratuz gero, bi adarren arteko aldea nabarmena da. CC Koalizio Kanariarra da nazionalismo kontserbadore eta europeistaren adierazle nagusia. Iazko hauteskunde autonomikoetan, adibidez, bigarren gelditu zen, botoen %24 eta parlamentuko jarlekuen herenak lortuta. Boterean dagoen alderdia da, bozak PPk irabazi arren, PSOEk CCren alde egin zuelako. Ezker independentistan kokatutako alderdiek, aldiz, ez zuten ordezkaritzarik lortu.

Ezker subiranistaren barruan gaur egun bi alderdi nagusi daudela azaldu du Lopez Trujillok, biak APC Kanarietako Herri Alternatibatik banatuak: bata Alternativa Ciudadana Sí Se Puede da, eta bertzea ANC Kanarietako Alternatiba Nazionalista. «Sí Se Puedek nazionalismoaren inguruko hainbat sektore federalista biltzen ditu, nahiz eta independentistak ere badauden. ANC, berriz, erabat independentista da». Hainbat udaletan ordezkaritza dute bi indarrek, eta Sí Se Puedek ere alkatetzaren bat dauka, baina erakundeetan duten presentzia eskasa da, eta alderdi independentistek historikoki eduki duten ordezkaritza ere hala izan dela azaldu du Lopez Trujillok.

Nazionalismo berezia

Independentisten batasuna oztopatzen duen traba handi bat insularismoa dela dio historialariak, hau da, norbere uhartearen defentsari atxikitako diskurtsoa, eta gainerakoekiko gatazka. «Pisu izugarria du, eta horrek galarazi dio ezkerreko nazionalismoari presentzia handiagoa izatea, eta eskuinekoari sendoago bilakatzea. Insularismoak zaildu egiten du artxipelago osorako diskurtso bat eratzea».

Hala ere, Kanarietako independentismoa ahula dela baieztatzea «gehiegi erratea» da historialariaren iritziz. «Kanariak ezin ditugu ulertu nazionalismorik gabe. Behintzat, trantsizio alditik gaurdaino». Izan ere, hauteskundeetatik landa, sindikatuetan eta ikasle mugimenduan nabaria da independentismoaren eragina, baina gehienbat kulturan eta sinbolismoan nabaritzen da. «Gertatu dena da nazionalismo kontserbadoreak elkartzen eta proiektu berezi bat saltzen jakin duela, eta bertzeek ez dutela jakin posizioak bateratzen».

Horrekin lotuta, Lopez Trujillok Kanarietako nazionalismoak Europako mugimendu nazionalista gehienen aldean duen berezitasun bat nabarmendu du, kontrako bidea egin baitu, hau da, nazionalismoa XIX. mendean sortutako ideologia da, burgesiaren garapenarekin, eta XX. mendean balio kontserbadoreak ordezkatzen zituena. 1950eko hamarkadan, ordea, deskolonizazio prozesuekin lotuta, ezkerreko nazionalismoak sortu ziren, kontserbadoreekin hautsiz. Kanarietan,ordea, nazionalismo kontserbadorea 1970eko hamarkadan loratutako ezkerreko independentismotik eratorria dela azaldu du Lopez Trujillok. «Kanarietako burgesiak ez zuen ia inoiz helburu nazionalik izan, Espainiak uharteetan zituen interesak kudeatzen eroso baitzegoen».

CC 1993an sortutako koalizioa da, alderdi nazionalista txikiek eta uharte bakarrera mugatutako plataformek sortua. Ordu arte, ezker afrikanista zen nazionalismoaren erreferentzia. Eragin horren lekuko, CCk sinbologia indigenista erabiltzen du gaur egun, «nabarmenki afrikarra, europeistak diren arren», eta baita zazpi izar berdeekiko Kanarietako bandera ere —izar bat artxipelagoko uharte bakoitzeko—, MPAIAC Kanarietako Artxipelagoaren Autodeterminazioaren eta Independentziaren aldeko Mugimenduak 1964an sortutakoa. «Koalizio Kanariarra, familia nazionalista konplexu horren gainerako adarrak bezala, proposamen cubillistaren oinordekoa da».

Izan ere, Kanarietako nazionalismoak pertsona historiko bat badu, hori Antonio Cubillo da. «Independentismo afrikanistaren ideologo nagusia da», baieztatu du Lopez Trujillok. Cubillo langileen abokatua zen Tenerifen, 1960ko hamarkadaren hasieran. Langile mugimenduan eta frankismoaren oposizioan oinarrituta, ezkerreko diskurtso independentista garatu zuen, garai hartan Afrikan gertatzen ari ziren askapen mugimenduekin lotuz. «Zuzenean txertatu zen prozesu horretan, eta guantxearen irudia inork inoiz egin ez bezala aldarrikatu zuen; kanariarra guantxe bilakatu zuen, indigena, eta horretan oinarrituta, eskubide nazionalak aldarrikatu zituen».

Diplomazia eta lehergailuak

Errepresioa zela eta, 1962an erbestera jo zuen Cubillok. Independentzia lortu berria zuen Aljerian ezarri zen, eta harreman estua egin zuen FLN Askapen Nazionalerako Fronteko goi kargudunekin. Han eratu zuten MPAIAC taldea, zeina 1970eko hamarkadan hagitz aktiboa izan zen. Bi estrategia jarraitu zituen MPAIACek: alde batetik, lan diplomatikoa. Afrikako buruzagi gehienen sostengua lortu zuen Kanaria Uharteen «deskolonizazioa» bultzatzeko —baita Asiako, Europako eta Amerikako zenbaitena ere—. Bertzetik, borroka armatua erabili zuen, FAG Indar Armatu Guantxeen bidez. Trantsizioko urteetan «200 bonba baino gehiago» paratu zituzten, Cubilloren beraren hitzetan. «Propaganda armatua deitzen zioten», azaldu du Lopez Trujillok. «Indar txiki eta ertaineko lehergailuak paratuz, oihartzuna lortu nahi zuten, Kanarietan gatazka bat zegoela adierazteko».

Cubilloren aurkako atentatuaren ondotik (1978), MPAIAC ahuldu egin zen. Espainiak bide diplomatikoa ixtea lortu zuen, eta borroka armatua alde batera utzi zuen. Cubillo 1985ean itzuli zen, eta politikan jarraitu bazuen ere, ez zuen lortu mugimendu independentista handi bat artikulatzea. Lopez Trujilloren ustez, hein batean «iraganeko diskurtsoan iltzatuta» gelditu zelako. «Kulturalki bertzela bada ere, politikan europeistek bildu dute kanariarren sektore handi baten sentimendu nazionalista».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.