Espainiako Barne Ministerioko iturriek jakinarazi dutenez, "talde anarkista bateko" sei kide atxilotu dituzte gaur goizaldean Bartzelonan. Hain zuzen ere, zenbait kale erasotan parte hartzea, eta bonba-pakete batzuk bidaltzea egozten diete atxilotutako lagunei. Barne Ministerioaren arabera, lau etxe eta auto bat miatu ditu Guardia Zibilak, eta errebolber bat, pistola bat, kainoia moztutako eskopeta bat, material kimikoa eta lehergailuak egiteko eskuliburuak atzeman dituzte.
Zehazki, martxotik hona Bartzelonako probintzian hainbat kale eraso egin izana eta irailaren 8an Greziak Madrilen duen enbaxadara bonba-liburu bat bidali izana egozten diete. Nolanahi ere, enbaxadara bidalitako lehergailuak ez zuen eztanda egin, langileek susmo txarra hartu, Espainiako Poliziari deitu eta artezilariek indargabetzea lortu baitzuten.
Atxilotuetako bat, Igor Quevedo euskal herritarra da, Arrasatekoa (Gipuzkoa). Gainerakoak, Joaquin Garces Villacampa Jacakoa (Huesca), Rafael Tomas Gaspar Tarragonakoa (Katalunia),Carolina Forne Roig Tarragonakoa (Katalunia), Roger Gras Pacheco Bartzelonakoa eta Teodoro Hernandez Martinez Arnedokoa (Errioxa) dira.
Angel Acebes Espainiako Barne ministroaren iduriko, operazio "garrantzitsua" da Guardia Zibilak lagun horiek atxilotuz aurrera eraman duena, "ekintza terroristak egiteko beharrezkoa den guztia baitzuten atxilotuek". Espainiako espetxeetan FIES gisa sailkatuta dauden bi preso anarkista italiarrekin harremana zutela nabarmendu du Acebesek.
Atxiloketak Katalunian
Guardia Zibilak Bartzelonan atxilotu dituen sei lagunetako bat Arrasatekoa da
Sei lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak gaur goizaldean Bartzelonan, zenbait kale erasorekin eta bonba-pakete batzuen bidalketarekin zerikusia dutelakoan. Lagun horiek "ideologia anarkistako" taldeekin lotuta daudela zehaztu dute polizia iturriek. Haietako bat, Igor Quevedo, Arrasatekoa (Gipuzkoa) da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu