Hondalanak aste honetan bertan hasi badituzte ere, La Verbenan lurperatutako hilotzak berreskuratzeko prozesua ez da oraingoa. 2008an jo zuten gerra zibileko biktimen senitartekoek auzitara, identifikatu gabe lurperatutakoen artean desagertutakoak bazirela salatzeko. La Verbenan halakoen milaka hezur atera zitezkeelakoan, Guatemalako Alargunen Koordinakunde Nazionalak (Conavigua), Atxilotu-Desagertuen Fundazioak (Famdegua) eta Elkar Laguntzeko Taldeak exhumazioa eskatu zuten. Auzitegiko tramiteak pasata, azkenean, hiriburuko hondalanak martxan jarri dituzte.
«Egun garrantzitsua da gaurkoa. Baina mina eragiten duten egun horietakoa ere bada, memoria astintzen dutenetakoa», adierazi zuen astelehenean Feliciana Macaria Conaviguako kideak hondalanak hasi zituztenean. Zabaldu berri duten gune horretan 1980eko hamarkadan desagerrarazitakoak daudela uste dute senideek, militarrak agintean egon zireneko urterik gogorrenetan atxilotu eta hildakoak, zehazki. La Verbenako hilerrian, baina, identifikatu ezin diren eta inork eskatu ez dituen hilotzak lurperatzen dituzte. Horregatik, kalkuluak egiten hasita, hondalanek luze joko dutela esan dute. Hezur haien artetik gatazkan hildakoenak aurkitu beharko dituzte, eta denei azido desoxiribonukleikoaren proba egin beharko diete, ahalik eta DNA bankuetan biltzen ari diren laginekin bakarren batekin bat egiten duen arte.
Ez bizirik ez hilda
Guatemalan ez ezik munduko beste dozenaka herrialdetan beste asko non eta nola dauden ezagutu ezinak sortu duen giza tragediagatik, nazioarteko zuzenbideak desagertuen berri izateko eskubidea aitortu du. Hala ere, herrialde bakoitzak eskubidea nola jaso duen ikusita, aldeak nabarmenak izango dira estatu batetik bestera. Legezko oztopoez gaindi, haatik -zenbait herrialdetan ezkontidea desagertuta den bitartean berriro ezkontzea galarazten da-, absentziak berak inork gura ez dituen egoera administratibo eta legezkoak sortarazten ditu. «Zenbait kasutan haurrari nortasun agiria egitea ere ezinezko bihurtzen da, edo senipartea jasotzea eta ondarea legeztatzea. Tramite horiek errazagoak izango ziren desagertu izanagatik absentziaren legezko figura existituko balitz», azaldu du Carlos Batallas CICR Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak Guatemalan duen ordezkariak.
Tramitezko prozedurak egiteko beste modurik ez delako, ageri ez denaren heriotza inskribatzea erabakitzen dute maiz senitartekoek. Erabaki horrek, baina, familiaren sufrimendua areagotu baino ez du egiten; desagerpenak eragindako ziurtasun ezari maite dituztenen existentzia bera ukatzeak eragindako erruduntasuna gehitzen baitzaio.
Guatemalako desagertuen auzia dela eta, Kalte-galeren Ordainketarako Batzorde Nazionala sortu dute. Laguntza ekonomikoa da batzorde horrek eman dezakeen bakarra, ordea. Eta, adituen ustez, senitartekoak non dauden ez jakiteak sortzen diren egoerei aurre egiteko ez da nahikoa biktimak diruz laguntzea. «Landa eremuetan bi familiatik batek baino ez du hasten desagertua non dagoen argitzeko ikerketa. Eta bilaketa lanak ez hastea erabaki duenak ez du egiten beldur delako, ez du egiten bakartuta bizi delako,nora jo ez dakielako edo baliabide materialak ez dituelako», argitu du Batallasek. Senideen mina arintzeko prozesuak konplexuak izaten dira, hortaz, La Verbenan hasitakoen gisakoek laguntzen badute ere.