Israel

Guatemalak ere enbaxada ireki du Jerusalemen

Jimmy Morales presidenteak adierazi du Guatemalaren erabakia "eredu" dela beste herrialde batzuentzat.

Benjamin Netanyahu Israelgo presidentea eta Jimmy Morales Guatemalako presidentea, gaur, Guatemalako enbaxadaren irekieran, Jerusalemen. RONEN ZVULUN, EFE
2018ko maiatzaren 16a
07:45
Entzun

AEBek Jarusalemen enbaxada ireki eta bi egunera, neurri bera hartu du Guatemalak. Jerusalem Israelgo hiriburu bezala aitortzeko keinu sinbolikoa da, Donald Trumpek hartu duen erabakiaren arrastoari segika.

Guatemalak neurri "ausarta, garrantzitsua eta historikoa" hartu du, Moralesen esanetan. Gogorarazi duenez, Guatemala izan zen AEBekin batera Israelgo estatua aitortu zuen lehen herrialdeetako bat, eta bi herrialdeak "anaiarteko maitasunak" lotzen dituela nabarmendu du, Benjamin Netanyahu Israelgo presidentearen aurrean. Enbaxadaren irekierak bi estatuen harteko harremana are gehiago estutuko duela iragarri du Guatemalako presidenteak.

Netanyahuk keinua eskertu dio Guatemalari. "Ez da kasualitatea Guatemalak Jerusalemen enbaxada irekitzea AEBek ireki eta bi egunera. Beti zaudete lehenengoen artean". Bi herrialdeen arteko lankidetza "era praktikoan" areagotzearen alde agertu da Israelgo mandataria, eta iragarri du Erdialdeko Amerikan egingo duen hurrengo bira Guatemalatik hasiko duela.

Guatemalaren enbaxada izen bereko kalean dagoela nabarmendu du Netanyahuk. NBEko enbaxadore ohi Jorge Garcia Granadosen guatemaldarraren ohorez du izen hori kaleak. Granadosek egiteko garrantzitsua izan zuen Latinoamerikako herrialdeak Palestinaren zatiketaren alde konbentzitzeko lanetan.

Guatemala izan zen ordezkaritza bat Jerusalemen ireki zuen lehen herrialdea. 1956an izan zen hori. Aldiz, Herzelyiara —Tel Avivetik gertu— aldatu zuen enbaxada 1980an, NBEren Segurtasun Kontseiluak kideei enbaxadak Jerusalemdik ateratzeko eskatu zienean, Israelek 1967an hiriaren ekialdea okupatu zuelako.

AEBek enbaxada Jerusalemera eramateko hartutako erabakiak areagotu egin du tentsio politikoa Palestinan. Nakba oroitzeko protesten testuinguruan ireki dute ordezkaritza AEBek. Israelek sarraski batekin erantzun die palestinarren mobilizazioei.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.