Guatemalako Justiziak hemezortzi militar ohi atxilotzeko agindua eman zuen, joan den urtarrilaren 6an, 80ko hamarkadako indarrezko desagertze kasuetan parte hartzea egotzita; horietako hamalauren kasuak aztertu ditu epaileak, eta 11 auzipetzea erabaki. Beste hiruren kontrako probetan kontraesanak aurkitu dituela-eta ez ditu auzipetu, baina etxeko atxiloaldia jarri die. Orain, fiskalak hiru hilabeteko epea izango du ahozko epaiketa publikoa abiatuko duen edo ez erabakitzeko.
Gutxienez 558 indigena desagertu ziren hamarkada horretan, eta, "indarrezko desagertzea" leporatzen diete militar ohi horiei. Akusazioaren arabera, “sistematikoki” parte hartu zuten krimenetan eta emakumeen eta adingabekoen kontrako bortxaketetan.
Atxilotuen artean Manuel Benedicto Lucas Garcia dago, Fernando Romeo Lucas Garcia presidente ohiaren anaia. Auzipetuak atxiloaldi prebentiboan egongo dira, epailearen ustez prozesua oztopatzeko arriskua egon daitekeelako.
Hobietan aurkitutako frogak
Militarren kontrako froga gisara 21. Gune Militarrean atzemandako hobi komunetan topatutako hezurrak dituzte. 558 lagunen gorpuzkiak azaldu ziren hobi horretan, eta, fiskalburuak esan duenez, 97 besterik ez da identifikatu DNA probekin. 21. Gune Militarrean hamalau indusketa egin zituzten 2012an, eta haietako lautan topatu zituzten gorpuzkiak. Haiek jende zibilarenak dira, lekuko batek fiskaltzari jakinarazi dionez.
Sanchez plana deituriko sarraskian parte hartzea leporatuta, bost paramilitar ohi zigortu zituzten 2012an, eta handik abiatutako ikerketaren emaitza dira atxiloketok, fiskaltzaren arabera. Sarraski horretan 256 indigena hil zituzten 1982an; gehienak achi etniakoak ziren, emakumeak, haurrak eta edadetuak.