Oscar Valentin Leal Guatemalako Kongresuko diputatua eta haren anaia tiroz hil dituzte Guatemalako Hirian, Otto Perez Molina jeneral ohiak presidente karguaren zina egin bezperan. Lealek PP Alderdi Abertzalera pasatuko zela jakinarazi ziola kontatu du gaurtik aurrera herrialdeko presidente izango denak.
Askatasun Demokratiko Berritua alderdiko kide zen Leal, baina, antza, Perez Molinaren PPra igarotzeko asmoa zuen. Hala jakinarazi zion presidente izango denari, eta «presio asko eta dei ugari» jasotzen ari zela ere azaldu zion. Beldurtuta zegon Leal, eta ezkutatu egingo zela esan zion Perez Molinari. «Indarkeria gaitzesten dugu. Halako gertakariak tristeak dira», esan du azken honek. Horrez gain, delituaren egileak aurkitu eta epaitzeko deia egin du.
Poliziak gertakaria ikertzen ari dela jakinarazi du. Antza denez, kamioneta batean zeuden diputatua eta haren anaia, eta bi motorren gainean zihoazen hainbat lagunek tiro egin zietela azaldu dute lekukoek.
Colomen lekukoa
Alvaro Colomen lekukoa hartuko du gaur Perez Molinak. Azaroko hauteskundeetan aurrea hartu zion Manuel Baldizon hautagai populistari. Colomen programa sozialekin aurrera jarraituko duela hitzeman du. Lan handia izango du Perez Molinak herrialdearen gidaritzan, Guatemala gogor astindu baitu krisiak, eta herritarren %51 pobreziaren mugan bizi dira gaur egun.
Guatemalako Kongresuko diputatu bat eta haren anaia tiroz hil dituzte
Otto Perez Molina armadako jeneral ohiak presidente karguaren zina egingo du gaur; indarkeria gaitzetsi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu