Guatemala hirian, Valentin Leal Kongresuko hautetsia eta haren anaia hil dituzte tiroz. Otto Perez Molina militar ohiak presidentetzarako kargua hartzeko bezperan gertatu da erasoa. Hildako politikariak herrialdean hauteskundeak irabazi dituen alderdiarekin bat egin zuen atzo. Perez Molinak adierazi du Lealek jakinarazi ziola "presio handia eta hainbat telefono dei" jaso zituela azken egunotan eta, horregatik, "gordetzeko" erabakia hartu zuela.
Polizia hilketa aztertzen ari da. Lekukoen arabera, Leal eta bere anaia kamioneta batetan zihoazela, erasotzaileak motoz gerturatu eta tiro egin diete. Bizkartzain bat ere zauritu dute tiroketan.
Azaroko hauteskundeetan, Otto Perez Molina 61 urteko militar ohiak irabazi zuen. Guatemalarren %60k eman zuten botoa. Manuel Baldizon hautagai populista izan zen Perez Molinaren aurkari bakarra, eta %47ko babesa jaso zuen. Alvaro Colomen ondorengoa da Perez Molina, eta honen programa sozialekin aurrera jarraituko du.