Laura Mintegi, Paul Rios, Mari Luz Esteban, Gorka Mostajo eta Itsaso Andueza pankartan zirela abiatu da manifestazioa Bilbon. Duela bi asteko manifestazioan baino jende gutxiago joan da gaur, baina, hala ere, jendetza elkartu da, Demokrazia. Erabakitzeko askatasuna lelopean. Esteladak, botopaperak, baiezkoaren aldeko kartelak... manifestazio koloretsua eta alaia izan da.
Gure Esku Dago-k martxaren amaieran azpimarratu du Katalunian gertatzen denak eragin zuzena duela euskaldunengan ere: "Gu ere Katalunia gara. Elkartasunagatik, eta gure etorkizuna guk eraiki nahi dugulako"; "Kataluniako erabakitzeko eskubidea gurea ere bada".
Halaxe uste du Mario Zubiagak ere, manifestazioan bertan BERRIAri esan dionez:
Mario Zubiaga politika adituaren nano-analisia @berria#Demokrazia#ErabakitzekoAskatasunapic.twitter.com/tpEitGDTrl
— Inigo Astiz (@iastiz) 2017(e)ko irailak 30
Espainiak "makineria inkisitorial eta militarra" martxan jarri duela salatu du Gure Esku Dago-k, eta Katalunia bakean uzteko eskatu diote.
Gaurkoan, bereziki azpimarratzekoa da Bilbora joan den ordezkaritza politiko zabala, manifestaziorako deiarekin bat egin duen eragile zerrenda luzearen erakusle: EAJ, EH Bildu, Elkarrekin-Podemose, Geroa Bai, EH Bai, ELA, LAB, EGI, Ernai, Gazte Abertzaileak, Alternatiba Gazteak, Euskal Gazte Moreak, Independentistak eta ANC-EH.
Manifestazioan izan den ordezkarietako bat da Andoni Ortuzar EAJren EBBko burua: "Kataluniako botereek legitimitatea dute herritarrei galdetzeko", esan du, "demokrazia eta erabakitzeko eskubidea dira irtenbidea". Arnaldo Otegi EH Bilduko bozeramaileak ere hitz egin du: "Garaia da Euskal Herriak ere bere bide propioa hasteko. Gaur izan daiteke lehen ekintza". Nagua Alba Podemoseko burua ere han izAN da: "PPren Gobernuak erasotzen dituen eskubide zibilak defendatzeko". Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko ordezkariak, berriz, Katalunia "ikasgaia" dela azpimarratu du, "eredu demokratikoa" ematen ari delako.
Alai amaitu da manifestazioa, jendetza, albokoari bizkarretik eutsi eta La Estaca abesten. Handik bultza, eta hemendik bultza. Eta esaldi bat agurrerako: "Bihar egun handia izango da".
Bilbon milaka pertsona Kataluniako erreferenduma babesten, ekitaldi ostean kantuan: L'Estaca @berria#demokrazia#ErabakitzekoAskatasunapic.twitter.com/OEtrMui1b4
— Inigo Astiz (@iastiz) 2017(e)ko irailak 30