«Gure agintariek egiten ez duten ekintza sinboliko bategatik itsasoratu gara»

Gazako blokeoa hausteko asmoz, bederatzi judu itsasoratu dira aste honetan; ez dute helburua lortu, Israelgo armadak bidea itxi dielako. Holokaustotik bizirik atera zen israeldar bat zihoan ontzian: Moskovitz.

Jerusalem
2010eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Reuven Moskovitz 1928an jaio zen, Errumaniako iparraldeko herrixka batean. 12 urte besterik ez zuenean, 1940an, Hitlerren aliatu zen alderdi faxistak etxetik bota zuen, eta ghetto batean sartu. Egurats zabalean egin zituen hurrengo lau urteak, Alemaniako hegazkinek lurreratzeko baliatzen zuten aireportu baten alboan. Han, bakoitzak ahal zuena egiten zuen bizirik irauteko: Reuvenek zementuarekin nahasteko ura garraiatzen zuen.

Israelera ailegatu zenean, 1949. urtean, errefuxiatu palestinarrenganako empatia sentitu zuen; haiek ere etxetik bota baitzituzten. Israelen gelditu ziren palestinarren aurka ezarritako erregimen militarraren aurka hasi zen protestan, eta Bakearen Oasia herrixka sortzen amaitu zuen. Bizikidetza posible dela erakutsiz, palestinarrak eta israeldarrak batera bizi dira han. Egun 82 urte ditu, eta Irene ontzi juduan parte hartzea erabaki du, bain ez du lortu Gazara iristea.

Irene ontzian bizitakoak nola azalduko zenituzke?

Davidek Goliaten aurka nola egin zuen, bada, gure ekimena halako zerbait izan zen. Ontzi txiki batean bederatzi pertsona besterik ez gindoazen; eta gure aurka Israelgo armadak sei edo zazpi barku bidali zituen, ehun soldadurekin baino gehiagorekin. Animalia basatiak ematen zuten.

Indarrez hartu al zuten ontzia?

Eguerdiko 12:00 aldera itxi ziguten bidea, Gazatik hogei miliatara, nazioarteko uretan. Hala ere, itxitako eremu militar batean geundela esan ziguten. Ontziko kapitainak, Glyn Seckerrek, Gazara iritsi nahi genuela erantzun zien; eta, orduan, kanpokoekin genituen komunikazio loturak kendu zizkiguten. Gero, ontzira igo ziren. Segituan ohartu ginen Yonatan eta Itamar Shapira anaiak atzeman nahi zituztela, Yonatan Israelgo armadako pilotu izandakoa baita. Pistola horietako batekin shock elektriko bat eman zioten, eta lurrera erori zen. Dardaraka hasi zen, eta garrasika. Dozena bat labana josi zizkiotela zirudien. Rami Elhananek hura babesteko ahalegina egin zuen, baina hari ere pistola elektrikoarekin egin zioten tiro -Elhananek alaba galdu zuen 1997an, eraso suizida batean-. Orduan, ni ere garrasika hasi nintzen, galdezka zergatik ematen zioten tratu hura atentatu bateko biktima hari.

Nolako harrera egin zizueten Ashdodeko portuan?

Portuan mugako ehunka polizia genituen zain; munduko bederatzi terrorista arriskutsuenak atzeman zituztela zirudien. Miatu egin gintuzten, eta banaka-banaka galdekatu. Arropa kentzeko ere eskatu zidaten, baina hilda ere ez nituela erantziko esan nien. Hatz markak hartu zizkiguten, argazkiak atera... Presoek bularraldean eramaten duten zenbakia bakarrik falta zitzaigun. Eta gero, bat-batean, janaria eskaini ziguten, eta edaria, irribarre politenarekin. Nik pasaporterik eta botikarik gabe jarraitzen nuen, baina han zegoen munduko armadarik moralena niri jaten ematen.

Zuen ontziak helburua bete duela uste al duzu?

Israelgo armadari aurre egiteko aukera genuela pentsatu izan bagenu, inozoak izango ginen. Baina Israelen bezala mundu osoan isiltasun handiegia dagoela uste dut: milioi bat eta erdi lagunen aurkako blokeoa isilarazi dute, eta orain, Israelek nazioarteko uretan ontziak bahitzen dituela ikusita ere, isilik gelditzea erabaki du Europak. Israelek guztiz santua izaten jarraitzen du, eta ezin du inork hura kritikatu.

Espero al zenuten Israelengandik halako erreakziorik?

Bagenekien bidea itxiko zigutela; ez genuen espero, ordea, gisa horretan erasoko zigutenik. Israelek ergelkeria asko egin ditu, eta honako hau beste bat gehiago da.

Zein da Irene ontziarekin nazioarteari eman nahi izan diozuen mezua?

Juduen esaera ezagun batek zera dio: 'Heroia ez da etsaia hiltzen duena, etsaia lagun bihurtzen duena baizik'. Hamasek, gure etsairik handienak, esku zabalik hartuko gintuela esan zigun. Horixe, hain zuzen, ez du lortu Israelek. Gure ahulgune handiena, gure porrotik handiena, izan ere, horixe da: palestinarrekin bakean bizitzen ez dugula asmatu. Horregatik itsasoratu ginen, gure agintariek egiten ez duten ekintza sinboliko horregatik.

Zergatik galarazten dizue gobernuak Gazan sartzea?

Prestigio kontua delako haientzat. Nola egingo diote aurre bada bederatzi kakatsuk gure armada boteretsuari? Ez gaituzte nahi, sortu duten sistematik ateratzen gara eta.

Holokaustotik bizirik irtetea lortu zenuen. Nola eragiten dizute zure bizipenek palestinarren egoera ulertzeko garaian?

Pertsona guztien betebeharra da gizaki izatea, besteen sufrimenduarekiko errukia agertzea, eta etxea, lurrak, herrialdea eta duintasuna galdu dituen jendeari elkartasuna ematea. Holokaustoaren ondorioak ari dira sufritzen palestinarrak. Ni ere zapaldu ninduten, nik ere galdu nuen etxea. Goseak egon nintzen, eta umiliatu egin ninduten. Baina hura guztia pasatu eta gero, neure buruari hitzeman nion bizirik ateratzeagatik pozik agertuko nintzela. Normalena da hori, bat sufritu duenean besteek sufri ez dezaten ahalegintzen baita gero.

Zerk gertatu beharko luke egungo egoera aldatzeko?

Uste dut ezinbestekoa izango dela atzerriko presioa, bereziki Europarena. AEBetan ia politikari guztiak Israelen alde daude, eta ez dute ezer egingo apartheid-aren aurka. Europan, aldiz, badago bakearen aldeko kontzientzia. Norbaitek asko nahi izateagatik ezertxo ere ematen ez duenean dena galtzen duela uste dut. Eta horretan ari da Israel: ez diegu 1967ko mugetan bizitzen utzi nahi, Palestina historiko guztiarekin gelditu nahi dugu. Badugu existitzeko eskubidea, baina ez munduan bakarrak bagina bezala. Juduentzat bakarrik sortu dugu demokrazia, baina demokraziak mundu osoarentzat izan behar du, gainontzean ez baita benetakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.